Nafarroa

Asironek gaitzetsi egin du bera matxistatzat jo izana

Facebookeko bere kontutik erantzun die Iruñeko alkateak Maite Esporrin zinegotzi sozialistak prentsaren aurrean egindako adierazpenei.

Joseba Asiron Iruñeko alkatea, artxiboko argazki batean. /
Joseba Asiron Iruñeko alkatea, artxiboko argazki batean. / Iñigo Uriz/Foku

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko irailak 5

Oposizioko gizonezko kideak "hobeto" tratatzen dituela esan, eta jokabide "matxista" izatea egotzi zion atzo Maite Esporrin Iruñeko zinegotzi sozialistak Joseba Asiron alkateari. Haren esanetan, alkateak "errespetu handiagoz" jokatzen du oposizioko beste bozeramaileekin.

Esporrinek prentsaurrean egindako adierazpenei sare sozialen bidez erantzun die Asironek, eta gogor kritikatu ditu bere aurkako hitzok, gogora ekarriz irakaskuntzan aritu izan den 24 urtean emakumezko ugarirekin lan egin duela, eta inork inoiz ez diola halakorik egotzi. "Zazpi urtez izan nintzen zuzendaritzako kide, 140 langile baino gehiagoko ikastetxe batean, eta haietatik %80 inguru emakumeak ziren. Ez dut uste haien artetik bakar batek ere esango duenik emakume izateagatik gutxietsi nuela".

EH Bilduko kideak onartzen du politikan sartu zelarik ohartarazi ziotela bere aurka egingo zutela, baina aitortzen du ez zuela halako erasorik espero. "Inoiz emakumezko ikasle edo irakasle bakar batek ez dit esan bidegabeko tratua eman izan diodanik, edo gizonezkoei tratu hobea eman izan diedanik. Inork ez dit leporatu, zuk ia ezagutu gabe, egotzi didazuna. Dena ez da onargarria politikagintzan".

Zinegotziaren jarrera gaitzetsi egin du alkateak Facebookeko bere kontuan argitaratutako oharrean, eta leporatu dio "zaborra zabaltzen ahalegintzea", mikrofono bat aurrean duela baliatuta. "Har ezazu kontuan, alkate hau bezalako jendeari buruzko gezurrak zabaltzeko ahaleginean, lortu duzuna izan dela zu benetan nolakoa zaren erakustea", gaineratu du Asironek.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna