Euskara

Kontseiluak ofizialtasuna aldarrikatuko du Iruñean, urriaren 27an

Paul Bilbaok dei egin die Nafarroako alderdi politikoei, euskararen lege berri bat adostu dezaten

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta Behatokik buru Garbiñe Petriati, euskalgintzako beste hainbat ordezkarik lagundua, gaurko agerraldian.
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta Behatokik buru Garbiñe Petriati, euskalgintzako beste hainbat ordezkarik lagundua, gaurko agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko irailak 5

Kalera ateratzeko deia egin du Kontseiluak, euskararen ofizialtasunaren alde. Urriaren 27an eginen dute, Iruñean, Behingoz lelopean. Izan ere, erakundeak aukera ikusten du "Nafarroako euskaldun guztiak, bereizkeriarik gabe, berdin hartuko dituen egoera berri bat sortzeko", Nafarroako Parlamentuan euskararen lege berri bat idazteko batzordea eratu dela baliatuta.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok gogorarazi du parlamentuko Euskara Batzordetik ateratzekoa den lege berri horrek hiru irizpide bete beharko dituela: "Nafarren hizkuntza eskubideak bermatzea, egungo zonifkazioa gainditzea, eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea".

Nafarroan gaur egun indarrean den foru legeak, eskubideak bermatu bainoago, "mugatu" egiten dituela nabarmendu du Bilbaok: "Euskaraz bizitzeko eskubidea soilik eremu euskalduneko herritarrei aitortzen zaie; gainerakoei, ez. Orain ikusten dugu aukera euskaldunontzat egokia izanen den egoera bermatzeko. Lege berriak, hizkuntza eskubideak aitortuko dituena, egin behar da. Lor daitekeen zerbait dela uste dugu, eta, aukera hau pasatzen uzten badugu, eragina epe luzekoa izango dela uste dugu", azpimarratu du Kontseiluko buruak. "Bada garaia urteetan eginiko kaltea konpontzeko".

Alderdi politikoei ere dei zehatza egin die Bilbaok: "Neurri batean, haien esku dago aldaketa. Euskaraz bizi nahi duten herritarrei erantzun egokia eman behar diete. Erantzukizunez jardutea dagokie, haien ardura baita. Eskatzen diegu 2011n izandako jarrerari euts diezaiotela. Oposizioan zeudenean erakusten zuten irmotasuna izan dezatela, benetako aldaketa lortze aldera".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna