autogobernua

EAJn "denak" daude ados EH Bildurekin adostutako oinarriekin, Erkorekaren arabera

Idoia Mendiak esan du PSE-EE "jada" mugitu dela, estatutuaren erreforma onartuta. PPk, berriz, egitasmo bat aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean, autogobernu lantaldean onartutako oinarriak "erretiratzeko".

Josu Erkoreka.
Josu Erkoreka. Raul Bogajo / Foku

Jon O. Urain -

2018ko irailak 5

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Joseba Erkorekak hizpide izan du gaur Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean talde politikoak izaten ari diren eztabaida, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus politiko-juridikoa adosteko. Erkorekak ziurtatu du EAJ barruan "denak" daudela ados jeltzaleek EH Bildurekin adostutako oinarriekin, baina "akordio barneratzaileago bat" nahi dutela guztiek.

Izan ere, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak astelehenean adierazi zuen "aztertu" beharra dagoela EAJk eta EH Bilduk adostutako edukiak, baina, atzo, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak azpimarratu zuen oinarri horiei ez zaiela uko egin behar. Erkorekak argitu du ez dagoela "sakoneko desberdintasunik" bi iritzien artean.

Onda Vascan elkarrizketatu dute Erkoreka. Zehaztu duenez, Autogobernu Lantaldeak "bide luzea" du aurrean, "lehen fasean" dagoelako eztabaida. Hortaz, "normala" iruditzen zaio "alderdien jarrerak azaleratzea eta adostasuna zailagoa izatea". Azaldu du "antzera" gertatu zela 1979ko estatutuarekin: "Hasierako akordioak mugatuagoak ziren, eta zabalduz joan ziren, lortu zenean hasieran urrun zeuden alderdiek bat egitea".

PSE-EE "jada mugitu da"

Jeltzaleen kritiketako bat izan da PSE-EEk eta PPk ez dituztela beren jarrerak moldatu akordio bat errazteko. Kritika horri, ordea, gaur erantzun dio Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak, Radio Euskadin: esan du sozialistak "jada mugitu" direla estatutua erreformatzea onartuta, PSEk nahiago baitu "Espainiako Konstituzioaren erreforma bat", eta ohartarazi du "guztiek" egin beharko dituztela ekarpenak estatus berriak "denak babesteko". Horrez gain, "errealitate printzipiotik" abiatzeko eskatu du: "Gauza bat dira asmo nazionalistak, eta beste bat, horiek gauzagarriak izatea".

PP ere agertu da EAJren eta EH Bilduren akordioaren kontra. Alfonso Alonso presidenteak jakinarazi duenez, PPk egitasmo bat aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean, EAJk akordio horretan "atzera" egin dezan. Zehazki, proposatuko du autogobernu lantaldean onartutako oinarriak "erretiratzea" eta batzorde horrek "berriro ekitea" estatutua moldatzeko lanei, "legaltasunetik eta modu transbertsalean".

Gaiaz hitz egin du Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak ere, Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean. Uste du EAJ "debaluatzen" ari dela EH Bildurekin eginiko akordioa, eta erantsi "eskertuko" lukeela bi taldeek orain arteko akordioari eustea: "EH Bilduk dio akordio estrategiko bat lortu duela EAJrekin, baina guk sumatzen dugu EH Bilduk gauza bat dioela eta EAJk beste bat".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna