Istripua

Arantxa Tapia onik atera da igogailu batean izandako istriputik

Argentinara egindako bidaian gertatu da istripua. Dante Sica Argentinako Ekoizpen ministroarekin zihoan igogailu batean; hark huts egin du, eta hamar metroko erorikoa izan du.

Igogailuan zeudenak ateratzeko lanak.
Igogailuan zeudenak ateratzeko lanak. @arantxa_tapia

Xabier Martin -

2018ko irailak 5

"Susto handia izan da, baina zorionez ondo gaude", idatzi du Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak bere Twitterreko kontuan. Argentina eztabaida ekonomiko bizian murgilduta dago egunotan, eta Tapiak hitzaldi berezia eman du 2.000 lagunentzat Argentinako 24. Industria Konferentzian. Mauricio Macri presidenteak berak itxi du ekitaldia.

Kontua da Dante Sica Ekoizpen ministroak uko egin diola igogailu ofizialetan jaisteari, prentsari izkin egiteko, eta bigarren mailako batean jaistea erabaki duela, beste hainbat enpresarirekin eta ordezkarirekin batera, tartean Arantza Tapiarekin. Horrela azaldu du La Nación egunkariak. Igogailu horrek huts egin du, matxura bat tarteko, eta azken hamar metroko tartean erori egin da, ateak zabalik dituela.

Barrukoek  kolpe batzuk jaso dituztela ere esan du egunkari horrek, baina arinak. Tapia bera zauri handirik gabe atera da, baina belaun batean kolpe bat jaso du. "Gure lan agendarekin jarraitzeko prest", txiokatu du sailburuak sare sozialean, jasotako elkartasun mezuengatik "eskerrak" eman eta gero.

Istripua izandako igogailuaren atea palanka eginez atera behar izan dituzte barrukoak, argazkian ikus daitekeenez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna