Zinema

'Handia' ez da lehiatuko Oscarretan

Espainiako zine akademiak Campeones filma aukeratu du ingelesez besteko filmen atalean Espainia ordezkatzeko.

2018ko irailaren 6a
17:07
Entzun

Azken aukeraketan utzi dute lehiatik kanpo Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendarien Handia filma. Javier Freserren Campeones eta Asghar Farhadi zuzendariaren Todos lo saben filmak ziren beste bi hautagaiak, eta Campeones hautatu dute azkenean.

Espainiako Akademiak bi saltotan egiten du aukeraketa. Aurten, iazko urriaren 1etik aurtengo irailaren 30era estreinatu diren edo estreinatuko diren 43 lan aurkeztu zituzten. 43 horietatik hiru utzi zituzten azken aukeraketarako, eta gaur eman dute behin betiko hautagaiaren berri.

Emaitza jakin orduko, bidelagun izan dituztenei eskerrak eman dizkie Handia filmak, Twitter bidez.

Bestela ere sari ugari jasoa da Altzoko Handiaren bizitzan oinarritutako filma. Besteak beste, hamar Goya sari bereganatu zituen; tartean, aktore berririk onenarena Eneko Sagardoirentzat, jantzi diseinurik onenarena Saioa Lararentzat, eta muntaketarik onenarena Laurent Dufrech eta Raul Lopezentzat.

Ez da lehen aldia Jon Garañoren film bat Oscarretarako bidean izan dela: 2015eko irailean, Loreak lana aukeratu zuen Espainiako akademiak Oscarretarako ordezkari gisara. Ordea, azkenean lehiatik kanpo geratu zen Garañoren lan hura ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.