AEB-ak

Trumpen kontrako "erresistentzia isila" Etxe Zurian

The New York Times egunkariak ezohiko artikulu anonimo batean jakinarazi du Etxe Zurian AEBetako presidentearen oldarraldiak geratzeko lanean ari direla. "Traizioa?", erantzun du Trumpek sare sozialetan.

Donald Trump, atzo, Etxe Zurian. /
Donald Trump, atzo, Etxe Zurian. / Alex Edelman / POOL

Jon Ordoñez Garmendia -

2018ko irailak 6

Beste eskandalu batek hartu du Donald Trump AEBetako presidentearen agintaldia. The New York Times-ek OP-ED izeneko iritzi artikulu bat argitaratu du—opposite the editorial page, ingelerazko izenean—, eta hor anonimo batek azaldu du Etxe Zuriaren barruan badagoela funtzionario talde bat, gehiengoa, Trumpen bulkadak apaltzen ahalegintzen dena. "Erresistentzia isil bat" dela dio artikuluak, eta Trumpen agendaren zati bat eta "haren joerarik gaiztoenak" bertan behera uzten saiatzen dela.

"Ni horietako bat naiz", dio anonimoak. Argudiatu du AEBetako edozein funtzionariorentzat herrialdearen interesak presidentearen interesen gainetik daudela. Trumpen agintaldiaz "aro kaotiko bat" dela dio, eta okerragoa izango zela "Etxe Zurian eta inguruetan itzalean dauden heroiengatik" izango ez balitz. "Bere operazioak bere nahikerietatik aldentzen saiatzeko egiten du lan gehiengoak", dio anonimoak. Artikuluan argitaratutakoaren arabera, Trumpek Alderdi Errepublikanoaren politika eta balioekiko gutxieneko errespeturik ere ez du.

"Trump, demokraziaren kontra"

The New York Times-ek jakinarazi du artikuluaren egilea AEBetako administrazioko goi kargudun bat dela, pertsona publiko bat, eta hura babesteko gorde duela haren izena. "Arazoaren muinean presidentearen moraltasunik eza dago", dio goi kargudun horrek. Trumpen "oldarraldi oker" horien berri eman du: erabakiak informazio guztia izan gabe hartzen ditu, "modu arriskutuan edo pentsatu gabe", eta horrek bere inguruko guztiak tentsioan jartzen ditu. Batzuetan "merkataritzaren eta demokraziaren aurkakoak" direla gaineratu du.

"Traizioa?", galdetu du Twitterren Donald Trumpek bart gauean horren berri izan ostean, anonimo horri zuzenduz. Erantzun horrek, baina, boomerang efektua hartu du, eta, anonimoaren aurka bota arren, bere kontra egin du. Izan ere, askorentzat anonimoak esandakoa baieztatu du Trumpek hala erantzunez. Lehendik ere bazeuden Etxe Zuriaren barruko lan horren zantzuak. Bob Woodward kazetariak bere azken liburuan jaso zituen. Iturri propioak aipatzen zituen, ordea, izenik eman gabe, The New York Times-ek bezala. Trumpen txioak beste maila bat eman die informazio horiei.

The New York Times-ek argitaratutakoari zilegitasuna eman ostean, gero beste txio batean auzitan jarri nahi izan du Trumpek iturri hori existitzen denik. Egunkariari eskatu dio esateko nork idatzi duen artikulu hori. "Pertsona anonimo beldurti hori existitzen bada, Times-ek gobernuaren esku utzi behar du, segurtasun nazionalagatik", esan du.

Hedabideei egindako adierazpenetan ere egin du Trumpek The New York Times-en eta anonimoaren aurka. Anonimoaz berriro esan du "beldurti" bat dela eta egunkariari ironiaz zuzendu zaio: "Hemen egongo ez banintz, ziurrenik existitu ere ez litzateke egingo".

Sarah Sanders Etxe Zuriko bozeramaileak "barkamena" eskatzeko eskatu dio kazetari. Iritzi artikulu anonimoa argitaratzea "patetikoa, zuhurgabea eta berekoia" dela esan du, eta hauteskundeetako emaitza ekarri du gogora: 62 milioi herritarrek ez zioten botoa eman Trumpi The New York Times-eko "iturri beldurti eta anonimo" bategatik. Goi kargudun hori existitzen dela auzitan jarri gabe, Sandersek esan du bere burua AEBen gainetik jartzen ari dela, eta dimisioa aurkeztu beharko lukeela.

Trumpen aurka hitz egin arren, anonimoak bere artikuluan dio herritarrek jakin beharko luketela presidentearen inguruan jende heldua dagoela eta gai direla hura menderatzeko. "Aitortzen dugu zer gertatzen den eta zuzen dagoena egiten saiatzen ari gara, nahiz eta Trumpek ez egin". Impeachment edo kargugabetze batez geroz eta gehiago hitz egiten den arren, anonimoak dio azkenera arte, "modu batean edo bestean", jarraituko dutela Trumpen legealdia norabide zuzenean eramaten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna