KOMUNIKAZIOA

ETB1ek 'Dantzango!' dantza lehiaketa estreinatuko du hilaren 12an

Gasteizko FesTVal jaialdiaren barnean, ETBk ikasturteko berrikuntzak aurkeztu ditu. Astelehenean Ahoz aho saioa itzuliko da, eta aurrerantzean 18:00etatik 20:00etara emango dute.

'Dantzango' saioaren platoa. /
'Dantzango' saioaren platoa. / EITB

Urtzi Urkizu -

2018ko irailak 6

Udazkeneko programazioaren aurkezpena egin du gaur goizean Gasteizen Euskal Telebistak. Euskarazko saio berrien artean, Euskalonski eta Dantzango! nabarmendu dituzte. Astelehenean estreinatu zuten Euskalonski saioa —igandean BERRIAk Pello Reparaz aurkezlearekin egindako elkarrizketa argitaratuko du—. Bestetik, hilaren 12an Dantzango! lehiaketa estreinatuko dute. Euskal Herriko hamar dantza talde lehiatuko dira, zortzi pertsona ezagunen babesarekin. Talde irabazleak Go!azen telesaileko denboraldi berrian dantzatuko du. Edozein estilotan dantzatzen duten taldeek parte hartuko dute. Zuriñe Hidalgok aurkeztuko du programa hori.

Gaur gauean, bestalde, Gailurra X3EM saioa ematen hasiko da ETB1 (22:30). Andorrako Encamp herritik, eta Pirinioetan barrena 400 kilometroko ibilbidea egin ondoren, Hiru Erregeen Mahaia mendiaren gailurrean bukatuko dute zehakaldia 22 lagunek.

Asteartean Ur handitan saioa itzuli zen euskarazko katera, eta Xabier Madariagak aurkeztutako programa zortzi herrialdetan ibiliko da zortzi astez.

Datorren astelehenean, Ahoz aho saioaren denboraldia hasiko da, ordutegi berriarekin. Hemendik aurrera, 18:00etatik 20:00etara emango dute aktualitateko programa. Amaia Cayerok eta Ilaski Serranok gidatuko dute, ohiko moduan. Ahoz aho+ astearte gauetan emango dute, iaz bezala, Saioa Martijak gidatuta. Astelehenean bertan hasiko dute Gure Kasa saiokoek bigarren denboraldia, plato berritu batekin.

Txoriene hilaren 17an itzuliko da programaziora, Herri txiki, infernu handi urriaren 7an bueltatuko da, eta azarora arte itxaron beharko da Go!azen telesailaren atal berriak ikusteko. Hitzetik hortzera bertsolaritza saioa Eider Perezek aurkeztuko du aurten.

ETB3 katean, datorren astelehenean itzuliko dira 3zpa4 eta 3txulo saioak.

ETB2 katean, VPO umorezko saioa estreinatuko dute laster. Halaber, La victima número 8 telesail berria iritsiko da —aurre-estreinaldia bihar egingo dute Gasteizko jaialdian—. Docu-reality bat ere iritsiko da gaztelaniazko katera: Punto de vista. "Lekukotasun baten errealitatea, baldintza eta egoera bizitzeko eta ulertzeko modu iraultzailea izango da", azaldu dute ETBko arduradunek. Programaziora itzuliko dira datozen egunetan honako saioak: 360º Tú decides, 360º, En Jake, Historias a bocados, A bocados...

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna