Brasil

Brasilgo bozetako hautagai bati eraso egin diote labanaz

Eskuin muturreko hautagaiari, Jair Bolsonarori, ebakuntza egin behar izan diote, baina jakinarazi dute ez dagoela arriskuan. Erasotzailea atxilotu dute.

Jair Bolsonaro, astelehenean, Brasilian. /
Jair Bolsonaro, astelehenean, Brasilian. / Joedson Alve/EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko irailak 7

Brasil hego-ekialdeko Minas Gerais hirian gertatu da erasoa, goizaldean. Presidentetzarako kanpainako ekitaldi baten amaieran, jarraitzaileez inguratuta zegoen Jair Bolsonaro, eta gizon batek labanaz eraso zion. Presidentegaia erietxera eraman dute berehala, eta ebakuntza egin diote. Medikuek jakinarazi dute ez dagoela arriskuan. Ustezko erasotzailea, 40 urteko gizon bat, tokian bertan atzeman du Poliziak.

Boto asmoaren inguruko inkesten arabera, bozak irabazteko aukera gehien duen hautagaia da Bolsonaro. Ordea, haren hitzaldiek kritika ugari eragin dituzte Brasilen; izan ere, 1964. eta 1985. urteen artean indarrean izan zen diktaduraren alde mintzatu izan da maiz. Horretaz gain, haren aurkako salaketak aurkeztu dituzte bazterketa eta sexu erasoak bultzatzea egotzita.

"Tamalgarria da. Bere buruarekiko errespetua duen herri demokratiko batek ezin du onartu inori labanaz erasotzea", gaitzetsi du Dilma Rousseff presidente ohiak. Espetxean dagoen Luiz Inacio da Silva Lula-rekin bildu ostean egin ditu adierazpenok Rousseffek. Hain zuzen ere, Brasilgo Gorenak atzera bota berri du Lularen defentsak hura bozetara aurkeztu ahal izateko jarritako helegitea.

Lula lehiatik desagertzearekin batera, gora egin du eskuin muturraren alde bozkatuko luketenen kopuruak. Inkesten arabera, Bolsonarok irabaziko luke presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian. Diputatu eta militar ohiak adierazpen gogorrak egin ditu azken asteetan gainontzeko hautagaien aurka. Haren kanpainako leloak ere —Brasil guztiaren gainetik eta Jainkoa guztien gainetik— zer esan ugari eman du. Militar izandakoa armen erabileraren aldekoa da. Haren esanetan, gizakiak "berezkoa" du armak erabiltzea: "Biblian dator".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna