AUTOGOBERNUA

Legarda, Urrutia, Elizondo, Lopez Basaguren eta Del Burgok idatziko dute estatutu proiektua

EAJk Mikel Legarda diputatua proposatu du adituen talderako; EH BIlduk, Iñigo Urrutia EHUko irakaslea; Elkarrekin Podemosek Arantxa Elizondo EHUko Politika Zientzietako irakaslea; PPk, Jaime Ignacio del Burgo historialaria; eta PSEk, Alberto Lopez Basaguren.

/ BERRIA

Jon O. Urain -

2018ko irailak 7

Eusko Legebiltzarreko talde politiko gehienek gaur jakinarazi dute nor proposatuko duten estatutu proiektua idazteko ardura izango duen aditu taldean parte hartzeko. EAJk jakinarazi duenez, Mikel Legarda diputatua (Bilbo, 1956) proposatu du aditu talderako. Zuzenbidean lizentziaduna da, Konstituzio Zuzenbidean aditua, eta ibilbide luzea egina du Jaurlaritzako zerbitzu juridikoei lotuta. Bi legealdi daramatza kongresuan diputatu. EAJk goraipatu egin du Legardaren "ibilbide luzea euskal autogobernuaren defentsan eta bultzadan, bere prestigioa, eta arlo autonomikoan eta Zuzenbide Konstituzionalean duen ezagutza, hala nola bere inplikazio zuzena autogobernuari, garapen autonomikoari eta espainiar Konstituzioaren erreformari lotutako eztabaida guztietan".

EH Bilduk Iñigo Urrutia Libarona zuzenbide doktore, EHUko Administrazio Zuzenbideko irakaslea eta unibertsitate publikoko aldezlea proposatu du adituen talderako. Urrutiak 52 urte ditu, Erabakizaleak erabakitzeko eskubidearen aldeko juristen taldeko kide da, eta 2015eko otsailean Autogobernu Lantaldean hartu zuen parte, taldeek eskatutako agerraldi sortan.

Elkarrekin Podemosek, berriz, Arantxa Elizondo EHUko Politika Zientzietako irakaslea proposatu du. Elizondo Emakundeko idazkari nagusi izan zen Patxi Lopezek zuzendutako Jaurlaritzan, eta gaur egun Espainiako Politika Zientzia Elkarteko presidentea da.

PPk Jaime Ignacio del Burgo historialari nafarra proposatu du. 76 urte ditu, eta politikan ibilbide luzea eginikoa da: UCDn aurrena eta UPN-n ondoren. Orain PPn dago afiliatuta. Espainiako Kongresuan diputatu izan zen, eta baita Nafarroako Diputazioko presidente ere, 1979 eta 1980 artean.

PSE-EEk atzo eman zuen bere proposamenaren berri: Alberto Lopez Basaguren Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna (Basauri, Bizkaia, 1957). Espainiako sistema politikoa eta federalismoa ditu ikergai, besteak beste, eta behin baino gehiagotan mintzatu da autogobernu lantaldeak adostutako oinarrien aurka. Atzo, Radio Euskadin, ohartarazi zuen oinarriek «sistema konfederal bat» proposatzen dutela «legearen ikuspuntua kontuan izanda», eta hori «onartezina» dela. 2014an eta 2017an Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean parte hartu zuen.

Ohar batean, PSEk adierazi du espero duela adituen taldeak egingo duen lanak bide ematea «pertsonen eskubideak zabaltzeko, eskumenak errealitate sozialera egokitzeko eta botere publikoen arteko harremanak berrantolatzeko, eraginkortasuna irabazte aldera».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna