Arrauna

Urdaibairen helegitea atzera bota dute

Joan den igandeko estropada bera finala dela argudiatuta, azken sailkatuaren denbora berberarekin aterako da, Zierbenagandik 34,44 segundora, hamabost segundo gehiagoko zigorrik gabe.

Urdaibaiko trainerua, Donostiako kaira iristen, txanda amaitu berritan. /
Urdaibaiko trainerua, Donostiako kaira iristen, txanda amaitu berritan. / Andoni Canellada/Foku

Berria -

2018ko irailak 7

Lehiaketa Batzordeak atzera bota du Bermeoko taldeak aurkeztutako helegitea. Hala aurreratu du Euskadi Irratiak. Bermeotarrek bideoak eta antolatzaileek emandako GPS irudiak aurkeztu zituzten, perituen txosten batean oinarrituta. Agustin Aranburu presidentearen hitzetan, "erakutsi nahi dugu Zierbenaren kalean gertatu zen pala talka ez zela guk nahita eragindakoa izan", baina Gipuzkoako Arraun Federazioko bi kidek, Euskadiko Federazioko batek eta Donostia Kulturako (Udala) batek osatzen duen batzordeak ez ditu onatzat eman haien argudioak.

Lehiaketa batzordeak emandako epaiak argi dio: "Epaileen erabaki hori ezin da mugitu, estropada egin ahala hartu baita. Epaimahaiaren ahalmena da erabaki horiek hartzea".

Helegitea onartzea, beraz, estropada berriz epaitzea litzateke. "Ezin da berriz epaitu epaimahaiak balioztatutako estropada bat, ezta orain auzitan jarri ekintza eragileak ere: palen arteko talkak kaltea traineru bati bakarrik edo biei egin zien kalte, edo abordatzea egon zen edo ez. Erabaki teknikoak dira horiek, eta epaimahaiari dagokio hartzea".

Lehiaketa batzordeak, dena den, onartu du araudia aplikatzerakoan akats bat egon zela, eta lehen jardunaldia izan arren, aurreko igandako estropadari final izaera eman behar zaiola. Horrenbestez, Urdaibai azken sailkatuaren denbora berarekin irtengo da. Ez zaizkio hamabost segundo gehiago gehituko. Zierbena lehen sailkatuarekiko 34,44 segundora aterako da, horrenbestez.

Hona gizonezkoen zortzi traineruen sailkapena:

1. Zierbena (19:26:20)

2. Hondarribia (19:27:06)

3. Santurtzi (19:41:32)

4. Cabo (19:43:22)

5. Orio (19:47:16)

6. Donostiarra (19:59:18)

7. San Pedrotarra (20:00:64)

8. Urdaibai (20:00:64)

Emakumezkoen zortzi traineruen sailkapena:

1. San Juan (10:41:66)

2. Riveira (10:47:76)

3. Orio (10:48:86)

4. Arraun (10:55:40)

5. Hibaika (11:01:42)

6. Donostiarra (11:06:66)

7. Kaiku (11:06:76)

8. Tolosaldea (11:15:66)

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna