Euskal presoak

"Ausarta" izateko eta espetxe politika aldatzeko eskatu dio Kalera Kalerak PSOEri

AEMko kideek ordu erdi lehenago egin dute manifestazioa amnistia eskatzeko.

@sortuEH

Berria -

2018ko irailak 9

Kontxako estropaden eguna mobilizazioetarako eguna ere izaten da Donostian, eta Kalera Kalerak ere egin du manifestazioa. 13:30ean Bulebarretik atera dira ehunka lagun Presoak kalera, bada garaia goiburupean, eta eskaera argia egin diote Espainiako Gobernuari: "Ausarta" izatea eta espetxe politika aldatzea galdegin diote.

Kizkitza Gil de San Vicentek hartu du hitza, eta presoak ez ezik iheslariak ere Euskal Herrian izan daitezen bidea abiatzeko eskatu dio PSOEri: "Euskal Herrian babes transbertsalik handiena duen aldarrikapena da", esan du. Gogora ekarri du Aieteko adierazpenean konpromiso batzuk hartu zirela, eta haiek ez direla bete. Orain testuingurua ere aldatu egin dela nabarmendu du, ETA desegin egin delako. Horregatik, urratsak egiteko abagunea da, Kalera Kaleraren irudiko.

AEM ordu erdi lehenago

Toki berean hasi da Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako mugimenduaren manifestazioa, ordu erdi lehenago. Gudariak direlako, amnistia osoa leloa zuen manifestazioan elkartu direnek ere presoen askatasuna eskatu dute.