Suedia

Eskuin muturrrak nabarmen egin du gora Suediako bozetan

Sozialdemokratek, ezkerrak eta Berdeek osatzen duten ezkerreko blokeak irabazi ditu bozak, botoen %40,6rekin, eta bigarren geratu da zentro-eskuineko Aliantza, %40,1ekin.

Stefan Lofven lehen ministroa, bozen emaitzak jakin ostean. Hauteskundeak irabazi dituen arren, nabarmena egin du behera boterean den alderdiak. /. /
Stefan Lofven lehen ministroa, bozen emaitzak jakin ostean. Hauteskundeak irabazi dituen arren, nabarmena egin du behera boterean den alderdiak. /. / Claudio Bresciani/EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko irailak 10

Gehiago espero bazuten ere, ez da txikia eskuin muturreko Suediako Demokratak alderdiak lortu duen ordezkaritza —botoen %17,7 eskuratu dituzte—. Hirugarren alderdi bilakatuta, eta bi bloke nagusiak ia berdinduta geratu direla ikusita, harena izan daiteke aginterako giltza. Izan ere, ezkerreko nahiz eskuineko taldeek harekin akordioak hitzartzeari uko egin dioten arren, guztiek esan dute hitz egiteko prest daudela.

Suediako Demokratek aurreko bozetan baino ia sei puntu gehiago eskuratu dituzte hauteskunde hauetan. Lortutakoa baliatzeko asmoa iragarri du Jimmie Akesson hautagaiak: "Legebiltzarrean ditugun ordezkariak gehiago izango dira, eta eragina izango dugu datozen aste, hilabete eta urteetan Suedian hartzen diren erabakietan".

Aldiz, orain arte agintean izan diren sozialdemokratek behera egin dute nabarmen, eta haiekin koalizioan aurkeztu diren alderdi txikiei esker soilik eutsi diote lehen tokiari. Dena den, Stefan Lofven lehen ministroak iragarri du ez duela dimisioa aurkezteko asmorik eta bere esku dagoen guztia egingo duela koalizio gobernua osatzeko. Ordea, adituen ustez, zentro-eskuina da agintea eskuratzeko aukera gehien duena, nahiz eta horretarako aurkariekin akordioak lotu beharko dituen.

Migratzaileak

Azken hauteskundeak egin eta urtebetera, 200.000 errefuxiatu iritsi ziren herrialdera, eta 163.000 laguni eman zieten asilo politikoa. Horrek eragina izan du hauteskundeetan ere. Suediako Demokratak alderdia migrazio politikak gogortzearen aldekoa da, eta argudiatu du "zuzeneko harremana" dagoela haien eta indarkeriaren gorakadaren artean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna