Gaztetxeak

Donostiako Udalari elkarrizketa mahaia eskatu diote Parte Zaharreko gaztetxeko kideek

Duela astebete okupatu zuten hainbat lagunek Orixe ikastola izandako eraikina. Udalak, baina, hura husteko prozedura abiatu duela iragarri du.

@AZgaztetxea

Berria -

2018ko irailak 10

Irailaren 2an hainbat lagun sartu ziren Donostiako Parte Zaharrean dagoen eraikin batean. Ez da lehen aldia halako zerbait bat egiten dutela. 2011n, Uxotegi gaztetxea zabaldu zuten, Parte Zaharreko etxe huts bat okupatuta, baina Ertzaintzak hilabete gutxiren buruan hustu zuen. Beste bi ahalegin egin dituzte aurten, eta Abuztuaren 31-ko kaleko eraikin bat eta Aldamar kaleko beste bat okupatu, baina bi kasu horietan ere hustu egin dituzte etxebizitzak.

Oraingoan, proiektuak aurrera egitea nahi dute gaztetxeko arduradunek. Horretarako, gaur bertan elkarrizketa mahai bat osatzeko eskaria egin diote Udalari, eta, bide batez, joan den astelehenean iragarritako huste agindua bertan behera uzteko eskatu diote. Hala, ohartarazi dute hustearekin aurrera jarraitzea "auzotarren aurkako eraso gisa" hartuko dutela.

"Jakinak dira auzo honetan ditugun arazoak: zarata, etxebizitza duinerako irismen falta eta, bereziki, auzotarren proiektuentzako espazio falta", salatu dute gaztetxeko kideek, eta iragarri dute arazo horiei irtenbide bat ematea dela proiektu honen helburua. "Auzolanaren bitartez, herriari guztiz irekita dagoen proiektu bat eraikitzen hasi gara, itxita zegoen eraikin bati erabilera publikoa emanez", dio gaztetxeko kideek zabaldu duten oharrak, eta gogorarazi dute Parte Zaharreko herritarrek eurek adierazi izan dutela auzoak espazio bat behar duela.

Gazteek gonbita egin diete herritarrei eraikin okupatura hurbil daitezen proiektua bertatik bertara ezagutzeko: "Gure proiektua zilegia dela ulertzen dugu, eta hori defendatzeko prest gaude, auzoa hiltzen uzten dutenen aurrean".

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna