Autogobernua

Estatus berriaren eztabaidan "ez bustitzea" egotzi die Ortuzarrek PSE eta Ahal Dugu-ri

Espainiako Barne ministroak ohartarazi du estatutuaren "edozein aldaketak ibilbide legala" izan dezan "transbertsala" izan behar duela horren inguruko akordioak.

Andoni Ortuzar, abuztuaren 31n Zarautzen eginiko ekitaldian.
Andoni Ortuzar, abuztuaren 31n Zarautzen eginiko ekitaldian. Gorka Rubio / Foku

Jon O. Urain -

2018ko irailak 10

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko berria zehazteko lanetan ari den autogobernu lantaldea etzi batzartuko da, taldeek proposatutako adituen zereginak zehazteko. Estatus horri begira, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak uste du "objektiboki froga" daitekeela PSE eta Elkarrekin Podemos ez direla eztabaidaren "neurrira" egon eta ez direla "busti".

Onda Vascan eginiko elkarrizketa batean, ohartarazi du "egiaren ordua" iristen ari dela autogobernuari buruzko eztabaidan: "Balioa ematen diogu EH Bildurekin eginiko akordioari eta hark egin duen keinuari, historikoki defendatu dituenak baino posizio pragmatikoagoetara gerturatuta. Hori denek balioetsi behar dute, baina [talde] gehiago bildu nahi ditugu".

Hortaz, PSEri eta Elkarrekin Podemosi eskatu die "apur bat mugi" daitezela: "Pausoak ematen badituzte, guk ere emango ditugu".

Bestelako iritzia azaldu du, berriz, Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroak. Uste du estatutuaren edozein erreformak, "ibilbide legala" izan dezan, babes "transbertsala" izan behar duela.

Radio Euskadin hitz egin du Grande-Marlaskak, eta espetxe eskumena Jaurlaritzaren esku uzteko aukera ere izan du hizpide. Azaldu du gaia "aztertu" egingo duela "horretarako" sortutako lantalde batek.

Akordio "historikoa"

Gaiaz aritu da Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia ere. Info7 irratian, azpimarratu du EAJk eta EH Bilduk autogobernu lantaldean lortutako akordioa "historikoa" dela eta, Lizarra Garaziko ituna salbuetsita, "lehen aldia" dela "bi familia abertzale nagusiak ados" jartzen direna "proposamen politiko baten inguruan".

Elkarrekin Podemos, berriz, kexu azaldu da testu artikulatua idatziko duen adituen taldea lau gizonek eta emakume batek osatuko dutelako. Hori zuzentzeko, koalizioak proposatu zuen talde bakoitzak bina aditu izendatzea eta gutxienez horietako bat emakumezkoa izatea, baina, Andeka Larrea Ahal Dugu-ko Komunikazio idazkariak kritiko adierazi duenez, "oraingoz" ez dute erantzunik jaso.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna