Alardeak

Alardearen berri ematen ari ziren kazetarien aurkako erasoak salatu dituzte

 

Babesa

Berria -

2018ko irailak 10

Joan den larunbatean, hainbat kazetarik jasandako erasoak salatu ditu Kazetarien Euskal Elkargoak eta Elkarteak: "BERRIA, EiTB edota Diario Vasco-k jasan zituzten erasoak publikoaren aldetik: kamerak estali, bultzatu, iraindu, lanerako materiala kentzen saiatu edota lana ongi egitea ekidin".

Batez ere, Antxeta Irratiko kazetari batek jasandakoa gaitzetsi du elkargoak. Kazetaria alardearen berri ematen ari zela, iraindu egin zuten, eta sakelakoa lurrera bota zioten. Elkarteak "alarde baztertzailearen fanatiko bat" egin du erasoaren erantzule.

"Onartezina da hedabideak eta bertako kide zein langileak ez errespetatzea beraien lana egiten ari direnean. Kazetarien lana, eta kazetariak beraiek, gizarte demokratiko eta partehartzaile bat bermatzeko ezinbestekoak dira, eta biztanleen oinarrizko eskubideak bermatzeko behar-beharrezkoak: adierazpen askatasuna eta informazio askatasuna zein iritzi kritiko propioa eraikitzeko eskubidea", salatu du erakundeak komunikatuan.

Bide batez, Jaurlaritzari eta instituzioei eskatu diete har dezatela konpromisoa kazetariak babestu eta defendatzeko, eta gogora ekarri dute larunbateko erasoa gertatu zen une hartan Ertzaintzako hainbat kide zeudela tokian bertan.