Euskaltegiak

35.000 ikasle hartuko dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskaltegiek

Jaurlaritzak %44 igo du ikasleentzako diru laguntzetarako aurrekontua.

Aritz Loiola/Foku

Berria -

2018ko irailak 10

Barakaldoko udal euskaltegian izan da Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria. Hantxe aurkeztu dute udal euskaltegietako ikasturte berria. Zupiriak gogora ekarri du 1986an udal euskaltegiak lanean hasi zirenetik 460.000 lagunek jo dutela hara euskara ikasteko asmoz. Aurten, goraka jarraituko du kopuru horrek; izan ere, 35.000 ikasle matrikulatu dira EAEko 103 udal euskaltegietan.

Zupiriak nabarmendu du euskaltegietara jotzen duten ikasleentzako laguntzak handitu egin dituela Jaurlaritzak. Hala, 1,8 milioi euroko aurrekontua onartu dute horretarako. "Beste erakunde guztien laguntzak gehituz gero, gero eta gertuago gaude B2 mailara arteko euskararen ikaskuntza epe laburrean doakoa egiteko apustua lortzetik".

Aurkezpenean izan dira, halaber, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran, HABEko zuzendari Jokin Azkue eta aldundietako nahiz EUDELeko eta UEMAko ordezkariak.

Bestalde, Jaurlaritzak %6 handitu du HABEren bidez euskaltegi pribatuei egiten dien ekarpena, eta %1,5 udal euskaltegiei egiten diena. Guztira, 32,8 milioi euroren laguntza jasoko dute horiek 2018-2019ko ikasturterako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna