Espainia

Soraya Saenz de Santamariak politika utziko du

Duela gutxira arte Rajoyren presidenteorde izan zenak agur esan dio politikari, azken hilabeteetan Pablo Casadorekin hainbat tirabira izan ostean.

Saenz de Santamaria, pasa den astean, Espainiako Kongresuan. /
Saenz de Santamaria, pasa den astean, Espainiako Kongresuan. / Zipi/EFE

Berria -

2018ko irailak 10

Duela gutxira arte Espainiako presidenteorde zen Soraya Saenz de Santamaria, eta politika utziko duela jakinarazi dio gaur goizean Pablo Casado PPko presidenteari. Argudiatu du horixe dela onena PPren zuzendaritza berriarentzat, bere familiarentzat eta berarentzat ere.

Hemezortzi urtez aritu da Saenz de Santamaria politikaren goi mailan. Haren ibilbidea Rajoyrenarekin lotuta egon da beti. Lurralde politikan aditua da, eta PPren zuzendaritzako kide izan da orain arte. 2000. urtean hasi zen politikan Rajoyren aholkulari gisara. Agurrekoan esan du haren ondoan lan egitea "ohore bat" izan dela.

Askorentzat, Saenz de Santamaria zen PPren presidentetzan Rajoyren lekukoa hartzeko aukeratua zena, baina Pedro Sanchezen ekainaren 7ko zentsura mozioak hankaz gora jarri zituen asmo horiek. PPren presidentetzarako lehiatu zen Saenz de Santamaria, baina lehen itzulian boto gehien lortu zuen hautagaia izan bazen ere, Maria Dolores de Cospedalek bigarren itzulian Casadori eman zion babesa erabakigarria izan zen, eta galdu egin zuen Santamariak. Harrezkero, hainbat tirabira izan dituzte Casadok eta berak, gaur arte.

Esku hartze zuzena Katalunian

Rajoyren ondoan Espainia krisi ekonomikotik atera duela azpimarratu du Saenz de Santamariak, baina horregatik baino gehiago Kataluniako prozesu independentistan izan duen parte hartzeagatik nabarmendu da azken hilabeteetan. Rajoyren eskuin eskua izan da, eta 2016ko udazkenean Bartzelonan bulego bat jarri zuen gaiari heltzeko asmoz.

Enric Millo PPren gobernuaren ordezkaria Katalunian haren ardurapean aritu izan da azken urteetan. Biek ere "elkarrizketa" eskaini zioten Generalitateari, baina, iaz, urriaren 1eko erreferendumean herritarren kontra jazartu ziren polizia eta guardia zibilen buru aritu ziren. Katalunian Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezarri eta Carles Puigdemont erbesteratu ostean, Kataluniako presidentearen funtzioak bere gain hartu zituen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna