Auzitegiak

Sarramagnan apaiza sei hilabeteko baldintzapeko askatasunera kondenatu dute

Abusuengatik epaitu dute. Bere sexua ilobaren sexuaren kontra igurtzi zuen, biak jantziak zirela, bi aldiz, 1991n. Beste erasoak ez ditu aintzat hartu Baionako Auzitegiak.

Marc Aillet apezpikua pederastiaz akusaturiko abadeari buruzko azalpenak ematen. /
Marc Aillet apezpikua pederastiaz akusaturiko abadeari buruzko azalpenak ematen. / Isabelle Miquelestorena

Nora Arbelbide Lete -

2018ko irailak 11

Apaiz baten aurkako epaiketa egin dute gaur Baionako auzitegian, haur bati abusuak egitea egotzita. Pederastia akusazioak 1990ekoak dira, eta hau da akusazioa: «Limurkeriazko atentatua egiteagatik 15 urte baino gutxiago dituen adingabe bati». Orduko legeen araberakoa da izendapena. Akusazio horren pean epaitu dute Jean-François Sarramagnan apaiza. Bost eta hamar urte arteko presondegi zigorra ezar ziezaioketen, baina sei hilabeteko baldintzapeko askatasunera kondenatu dute. Prokuradoreak eskatu du zigor hori, eta ez zegoen beste akusaziorik.

Abokatuak epaiketa hasi aitzin aurreratu du ateak itxita egitea galdeginen duela, baina ez diote onartu, eta epaiketa publikoa egin dute.

Apaizaren iloba da biktima, eta garai hartan 12 urte zituen. Biktimaren amak 2015eko irailean jarri salaketaren haritik dator auzia. 15 urte baino gutxiago dituzten adingabeen kasuan, biktimak 38 urte bete arteko epea dauka salaketa jartzeko. Clermont-Ferrand hirian jarri zuen salaketa, han bizi baita gaur egun. Eta handik bideratu zuten Baionara. Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak 2016ko apirilean iragarri zuen inkesta ireki zuela. Ekainean, instrukzio epaileak hartu zuen auzia bere gain. Sarramagnan apaiza auzipetua da ordutik, kontrol judizialpean. Lourdes iparraldeko Tournay hiriko abadian zen; hara bidali zuen Marc Aillet Baionako apezpikuak.

Aillet, hain zuzen, aferaren parte ere bada, erasoaren berri izan arren ez ziola esan justiziari.

Argazkiak haurrekin

Izan ere, Aillet apezpikuak 2009tik zuen erasoaren berri. Biktimaren amak gutun bat bidali zion orduan. Sarramagnan apaizak ere aitortu zion. Funtsean, jakinean zen 1990ean Baionako apezpiku zen Pierre Moleres ere.

2007an neska gazte bati eraso izana ere jakinarazi zion Sarramagnanek Ailleti, baina afera horrek ez zuen segidarik izan. Geroztik, ordea, ilobaren amaren gutunak eraso hori izan zuen nolabaiteko abiapuntu, 2009an. Mediapart aldizkariak argitaratu zuen. Hauxe idatzi zion Ailleti: «Eskandalu horrek ez zukeen gertatzerik; horren arduradunak gara, partez». Gainera, eskutitz horretan ditu salatzen apaizaren «ekintza pedofiloak». Polonian egin bidaia bat aipatzen du, non «nire semea egunero «erabili zuen». Geroztik, prokuradoreak aipatu izan du gertakariei buruz zenbait itzalgune badaudela. Baliteke zenbait gertakari Hazparnen (Lapurdi) gertatu izana. Ailletek berretsia du ez dela damutu erasoa ez seinalatu izanaz, «biktima ez zedin berriz ere hobendun senti, bere borreroak bere buruaz beste egiteagatik». Gaineratu zuen apaiza bi aldiz saiatu zela bere buruaz beste egiten, sendatzen laguntzen zutela, eta haurrengandik urrun atxikitzen. Alta, argazkiak badaude, bai 2011koak, bai 2013koak, non apaiz hori haurrekin agertzen den.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna