EAE-ko estatutu berria

Del Burgo: "EAJ eta EH Bilduk adostutako oinarriak ETAren eraberritze ideologiko moduko bat dira"

PPko politikariak dio Euskal Herria ez dela sekula existitu erakunde politiko gisara, eta EAEko estatutu politiko berria idaztearen ardura izango duenak esan ere egin du ezin zaiola "Euskadiri" nazio izaera eman.

Jon Ordoñez Garmendia -

2018ko irailak 11

PPk Jaime Ignacio del Burgo proposatu du EAEko estatutu politiko berria idazteko, eta gaur Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan garbi utzi du zer jarrera izango duen. EAJk eta EH Bilduk —gehiengoa dira Eusko Legebiltzarrean— adostu dituzte zeintzuk izango oinarriak, eta Del Burgok gogor hitz egin du gaur horien aurka: esan du Espainiako Konstituzioaren kontrakoak direla eta "ETAren birsortze moduko bat" direla. Haren hitzetan, bi alderdi horiek eskua eman diote elkarri, eta "izatezko bikote bat" osatu dute.

"Artikuluren batean idatzi izan dut iruditzen zitzaidala hori ETAren aizkora eta sugea birsortzea bezala zela". Azaldu du, haren ustez, "independentzia bide guztiak erabiltzea defendatzetik" estatuarekin lotura bat onartzera pasatu direla, eta hori ETAren amaierarekin lotu du. Ondoren zehaztu du beretzat "birsortze ideologiko moduko bat" dela, independentzian ez dagoelako erdibiderik: "Independentea zara edo ez zara".

Aditu talde bat arduratuko da oinarri horietatik abiatuta estatutu berriko artikuluak idazteaz. Bihar zehaztuko diete zein den euren eginkizuna. Del Burgok gaur esan du bera ez doala nafar gisara, baizik eta "aditu" modura, eta jakinarazi du Alfonso Alonso EAEko PPko presidenteak eskatu ziola parte hartzeko, foruen inguruan duen ezagutzagatik. "Betikoa egiten jarraitzen dut. Esaten dut Nafarroak aurrerantzean ere Nafarroa izan behar duela, besterik ez. Horregatik nago hemen", adierazi du.

Del Burgok elkarrizketan esan du Euskal Herria erakunde politiko gisara ez dela inoiz existitu eta ez duela eskubide historikorik. Ondorioz, haren hitzetan, "Euskadiri" ezin zaio aitortu nazio izaera estatutu berrian. "Espainiako Konstituzioaren arabera, Espainia da nazioa".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna