Reala

Anoetako eraberritze lanen erdiak amaitu dituzte

Realeko zaleek atletismo pistarik gabe ikusiko dute estadioa, 25 urteren ondoren. Lanak direla eta, sarrera gutxi salduko dituzte datozen asteetan, bat bakarra ere ez Bartzelonaren aurkako larunbat honetako partidarako. Orain28.995 eserleku ditu.

Jon Ander de la Hoz -

2018ko irailak 11

Anoeta estadio eraberrituaren nondik norakoak xehetu dituzte Jokin Aperribai Realeko presidenteak eta Begoña Larzabal marketin zuzendariak. Lanen erdiak eginak daudela aurreratu du Aperribaik, eta eskertu egin ditu horietan parte hartu duten guztiak, baina batez ere horien ondorioz tokiz aldatu behar izan duten bazkideak: "Lekuz aldatu behar izan ditugunek jarrera bikaina izan dute; ia ez da kexarik izan".

Orain 28.995 eserleku ditu estadio eraberrituak, baina, lanek aurrera egin ahala, kopurua handituz joango da. Presidenteak badaki ez direla aski egungo eskaerari aurre egiteko: “Bazkide izateko itxaron zerrenda dugu, eta ez dugu sarrerarik salduko Bartzelonaren aurkako partidarako”. Lanak bukatzean, 43.000 eserleku izango ditu; lehen baino 11.000 gehiago, hain zuzen. Eta lanen ondorioz sarrerak partiden arabera salduko dituztela ere aurreratu du Realeko presidenteak: "nolanahi ere, oso kopuru urria izango da lanak amaitu artean". Zehaztu du larunbaterako ez dutela jarriko salgai bakar bat ere.

Lehen, 28 ate zituen estadioak, eta, aurrerantzean, 21 izango ditu. Halere, ia bikoiztu egingo dira sarrerako tornuak: 68 zituen lehen, eta 170 inguru izango ditu etorkizunean. Kokatuak dituzte estadioak izango dituen 32 igogailuetatik hamar, eta zortzi erabilgarri egingo dira larunbatean. Hori guztia kontuan hartuta, datorren larunbatean Bartzelonaren aurkako partida ikusi nahi dutenei garaiz joateko aholkatu die Aperribaik: "Garrantzitsua da denborarekin etortzea. Sarrerak aldatu egingo dira; orain, guztiek igaroko dituzte tornuak beheko solairuan, eta, gero, banatu estadioan".

Mugikortasun urria dutenak estadioko edozein txokotara iritsi ahalko dira: "Hertsiki lotu gatzaizkio araudiari. 220 eserleku izango ditu zelaiak". Harrobiko jokalariak, boluntarioak, klubeko langileak... Guztiek lagunduko dute, peto zuriak jantzita: "Ahalik eta ongi etorririk gozoena egin nahi diegu zaleei".

Imanol Agirretxerentzat ere partida berezia izango da larunbatekoa; izan ere, klubak omenaldia egingo dio partida hasi aurretik. "Zaleekin batasunik handien zutenetakoa zen. Anoeta berriko lehen gola sar dezan nahi dugu".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna