Literatura

Iban Zalduak 'Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak' ipuin bilduma plazaratu du

Azken lau urteetan idatzitako 32 ipuin bildu ditu idazleak; "egunerokotasunari azpilak bilatzen" dizkioten kontakizunak dira, egilearen beraren hitzetan. Elkar argitaletxearekin plazaratu du lana, eta gaur arratsean Donostiako Tobacco Days liburu dendan aurkeztuko du, errezital baten bitartez.

Iban Zaldua, 2016ko irudian, Donostiako Elkar liburudendan.
Iban Zaldua, 2016ko irudian, Donostiako Elkar liburudendan. Jon Urbe / Foku

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko irailak 11

Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak izenburuak liburuko kontakizun ia guztietan errepikatzen den patroi bati erantzuten dio, Iban Zalduak gaur goizean Donostiako Elkar liburudendan egin duen aurkezpenean. "Errebelatzen diren edo ez diren sekretuak daude istorioetan", tabu txikiak eta handiagoak, "zeinak fikzioaren bitartez askoz ere hobeto isla daitezkeen". Alegia, esanahi orokorrago bat ere badu izenburuak: "Literaturaren bidez bizitza errealean esaten ez diren gauzak esaten saiatzen gara".

Xabier Mendiguren Elizegi Elkar argitaletxeko editorearen esanetan, "fikzioaren festa bat" da Zalduaren azken liburua: "Istorio aski laburrak oro har, gaien, estiloen eta tekniken ugaritasuna erakusten digutenak, eta egilearen trebezia: fantasiari zirrikitu bat  irekitzen diotenak, bikoteen arrakaletan arakatzen dutenak, euskal gatazkari geruza berriak bilatzen dizkiotenak, elkarrizketa bidezkoak, txosten gisakoak, jostalariak, dramatikoak, ironikoak...".

Euskal gatazka edo Zalduak "Gauza" deitzen duenak oraingoan ere badu presentzia, baina ñabardura batez azaldu du Zalduak. "Gatazkaren inguruan idazleok dugun egitekoa oso xumea da beste batzuen aldean; kazetariek, historialariek dute egiteko garrantzitsuena gertatu izan denaren kontakizunak bilduz, errelatoa deitzen duten hori osatzeko. Ipuin hauetan gatazka bera baino gehiago azaltzen dira gatazkaren kontakizun horien inguruko kontakizunak eta hausnarketak".

Iban Zalduak Ana Malagon idazlearen eta Aitor Arregi zinemagilearen laguntza izan du aurkezpena egiteko orduan. Malagonen ustetan, gizartearen "megagauzaetako" bat da familiaren gaia: "Ibanek oso ondo islatzen ditu ipuinotan familietan dauden disfuntzioak. Alabek dute presentzia handia, batez ere... oso modu aberatsean jorratzen ditu familia barneko misterioak, sekretu txiki eta handiak...".

Arregiren ustez, Zalduak gaitasun berezia dauka "egoera arrunt batean elementu ez hain arruntak txertatu eta deserosotasun egoera bat sortzeko; horrek asko erakartzen nau. Gainera, haren literatura oso da zinematografikoa, ez irudien indarragatik, gertakizunen garapenarengatik baizik". Arregi bera Zalduaren Inon ez, inoiz ez liburuko Ama ipuinean oinarrituriko film laburra prestatzen ari da. lanak Mateoren ama izango du izenburutzat, eta edizio lanetean ari dira egun.

Iban Zalduak liburuan aurkezpena egingo du gaur arratsean Donostiako Tobacco Days liburu dendan, Koruko Heras piano jotzailearen laguntzaz [19:00].

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna