goizeko kronika bartzelonatik

Ezohikotasunaren Diada

Quim Torra Generalitateko presidenteak "eustera" edo "konformatzera" deitu ditu kataluniarrak.

Igor Susaeta -

2018ko irailak 11

Ohi bezala, Rafael Casanovaren monumentuaren egindako lore eskaintzekin hasi dira Kataluniako egun nazionalaren ekitaldiak. 09:00ak zirenean, Generalitateko ordezkariak izan dira aurrenekoak eskaintza egiten, eta, horren ondoren, Elsa Artadi Presidentetza kontseilari eta bozeramailea (JxC Junts Per Catalunya) mintzatu da: "Arratsaldeko mobilizazioak erakutsiko du, dugun egoeratik harago —politikari presoekin eta erbesteratuekin—, bi milioi pertsona baino gehiago garela Katalunia independentea exijitzeko mobilizatzen garenak". ANC Biltzar Nazional Katalanak antolatu du arratsaldeko mobilizazioa, eta, jakinarazi dituen datuen arabera, 460.000 lagunek eman dute izena. Halere, jende gehiago biltzea espero da. 17:14an hasiko da, eta, Fem la Republica Catalana lelopean, jendetza hori Diagonal etorbidean pilatuko da, Glories plazaren eta Palau Reialen arteko zatian; sei kilometro pasa, alegia.

Baina ezohikoa izango da aurtengo Diada. Izan ere, zenbait buruzagi independentista preso edo erbesteratuta daude, iazko urriaren 1eko erreferenduma bultzatzeagatik eta antolatzeagatik. Horiek izan ditu gogoan Torra Generalitateko presidenteak (JxC), Diadarako grabatutako bideo instituzionalean. Eta nabarmendu du "presoengatik eta erbesteratuengatik" errepublika "gauzatzeko" konpromisoa hartu duela.

Sergi Sabria ERC Esquerra Republicanako bozeramaileak nabarmendu du ez dutela "etsiko" harik eta katalanek haien etorkizuna "erabateko askatasunez" erabakitzeko aukera eduki arte.

PDeCATen aldetik David Bonvehi haien lider berriak hitz egin du, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari esan dio "azkar" aurkeztu dezala Kataluniarentzat duen proposamena. Andoni Ortuzar EAJren EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, hain zuzen, PDeCATekoekin parte hartu du lore eskaintzan. Presoei "elkartasuna" helarazi die, eta "elkarrizketa" eskatu du. "Politika behar da; politika hitz larriekin. Mehatxutik, zigorretik, mendekutik, ez da konponduko Kataluniako auzia". Esan du EAJ "laguntzeko" prest dagoela, baina ez duela "bitartekaritza" lanik egingo, ez dela "beharrezkoa". Presoen eta erbesteratuen egoerari dagokionean, "gehiegikeria bat" dela adierazi du.

Otegi: "Kataluniako errepublika egingo dute"

EH Bilduk bere kabuz egin du lore eskaintza. Horretan parte hartu du Arnaldo Otegi koalizioaren koordinatzaile nagusiak. Azpimarratu du Katalunian martxan jarritako prozesuak ez duela "atzera bueltarik". Otegiren esanetan, "oztopoei" aurre egin beharko diete katalanek, "gorabeherak" edukiko dituzte, baina "Kataluniako errepublika egingo dute". EH Bildukoarentzat, "demokrazia", bai Euskal Herrian, baita Katalunian ere, "burujabetzaren bidetik lortuko da".

Lledoners kartzelan preso dauden politikari kataluniarrekin bildu da. Fisikoki "oso ondo" ikusi ditu. "Preso daude haien herriari hitza emateagatik. Harro ikusten ditut horregatik". Otegirentzat, Kataluniak egindakoa "izugarria" da: "Prozesu demokratiko bat martxan jarri dute Europan". Eta epaiketaren harira "baikorra" ez izan arren, argi dauka: "Ezin da herrialde baten askatasuna gelditu errepresioarekin. Norbaitek pentsatzen badu katalanen askatasun gosea kartzelaldiekin saihestuko dutela, oso oker dago".

Ciutadansek ekitaldi propioa

Ciutadansek eta PPC ez dute lore eskaintzarik egin. Ciutadansek ekitaldi propio bat antolatu du Maitasuna gorrotoa baino indartsuagoa da lelopean, eta Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak esan du Torra Espainiako Estatua "mehatxatzen" ari dela, "legearen eta justiziaren gainetik" jokatzen ari dela.

PSCk egin du lore eskaintza, eta Miquel Iceta Kataluniako sozialisten idazkari nagusiak "elkarrizketaren" beharra nabarmendu du. "Botere judizialak hartu beharreko erabakia da", adierazi du, buruzagi independentistei egingo dieten epaiketaz galdetu diotenean.

Alderdi politikoez eta instituzioez gain, Kataluniako eta Kataluniatik kanpoko hainbat erakundek eta elkartek egin dute lore eskaintza Rafael Casanovaren monumentuan.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna