Hondarribiko alardea

Hondarribian kazetariek jasandako erasoak salatu ditu Hekimenek

Kazetariek "berme guztiekin" lan egin ahal izateko neurriak eskatu dizkie erakunde publikoei

Jaizkibel konpainia, larunbatean, Kale Nagusian behera.
Jaizkibel konpainia, larunbatean, Kale Nagusian behera. Juan Carlos Ruiz

Berria -

2018ko irailak 11

Larunbatean Hondarribian (Gipuzkoa) Jaizkibel konpainia parekidearen desfilearen berri ematen ari ziren kazetariek jasandako erasoak gaitzetsi ditu Euskal Hedabideen Elkarte Hekimenek, eta elkartasuna eta babesa adierazi die komunikabideetako langileei. "Onartezinak dira hainbat hedabidetako langileek pairatu behar izan zituzten oztopo eta erasoak (bultzadak, irainak, lanerako tresnak kentzeko saiakerak...), eraso horiekin, kazetari horiei ez ezik, herritar orok informaziorako eta adierazpen askatasunerako dituen eskubideei ere eraso egin zaielako", adierazi du, ohar bidez. Gogora ekarri du erasoak jasandako kazetarietako batzuk euskal hedabideetako langileak zirela: "Informazioa euskaraz jasotzeko eskubidearen aukako erasoa ere gertatu zen larunbatean".

Era berean, Hekimenek "larritzat" jo du erasoak ertzainen aurrean gertatu izana, eta ertzainek "kazetariak babesteko edota erasotzaileak geldiarazteko inolako neurririk hartu ez izana". Hartara, berriro halakorik ez gertatzeko eta Hondarribiko alardearen egunean "kazetariek beren lana berme guztiekin" egin ahal izateko neurriak eskatu dizkie erakunde publikoei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna