Literatura

Erika Elizarik irabazi du XXI. Igartza saria

Zendabalitz izenburupean, hegaldi "gorabeheratsu" baten kronika biltzen duen eleberria idatziko du, arreta bidaiarien barne gogoetetan jarriz.

Aitor Aldasoro (Beasaingo alkatea), Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar argitaletxeko editorea), Erika Elizegi (sariaren irabazlea) eta Joxe Begiristain (CAF enpresako euskara arduraduna), gaur goizeko prentsaurrekoan. /
Aitor Aldasoro (Beasaingo alkatea), Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar argitaletxeko editorea), Erika Elizegi (sariaren irabazlea) eta Joxe Begiristain (CAF enpresako euskara arduraduna), gaur goizeko prentsaurrekoan. / Berria

Ainhoa Sarasola -

2018ko irailak 12

Hamabi proiektu aurkeztu dituzte aurten Igartza sariketara, eta, horien artetik, Erika Elizarik (Hernani, Gipuzkoa, 1988) proposatutakoa hautatu du epaimahaiak, Zendabalitz izenburua duena. Leku eta une jakin bat aukeratu du Elizarik istorioa eraikitzeko: hegazkin bat aireportuan geldirik da, arazo tekniko bat dela medio aireratu ezinda, eta hegazkinean doazen ehun bidaiariak bertatik atera ezinda daude. Egoera horretan, bidaiariei sortzen dizkien kezketan jarri du fokua Elizarik, hain zuzen, iraganari edo geroari lotutako beren gogoetetan. Zazpi bidaiariren istorioak tartekatuko ditu eleberrian, haien barne bakarrizketetan arreta jarriz, baina baita elkarren arteko harremanetan ere.

Ikus-entzunezkoen arloan egiten du lan Elizarik, eta, orain artean, "oso era intimoan" idatzi izan du, "gehiegi partekatu gabe". Hainbat arrazoi direla tarteko, baina aurten bere proiektua sariketara aurkeztea erabaki du, eta horixe hautatu du Miren Amurizak, Garazi Kamiok eta Igor Estankonak osatutako epaimahaiak. Dena ondo bidean, bere eleberria urte eta erdi barru argitaratuko du Elkar argitaletxeak.

Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkarrek antolatzen dute Igartza saria, idazle gazteei proiektu bat garatzeko aukera ematen diena. 21. aldia du aurtengoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna