Bakegintza

Biktimen eskubideak izango dira V. Foro Sozialaren ardatz

Urriaren 5ean Iruñean eta 6an Bilbon egingo dute, eta Egia jakiteko eskubidea: biktima ororen aitortza eta erreparaziorako mekanismoak izango du goiburu.

Foro Soziala

Gotzon Hermosilla -

2018ko irailak 12

Oraindik orain aurkeztu ditu Foro Sozial Iraunkorrak 2018-2019ko aldirako lanean "giltzarri" izango diren gaiak. Aurkezpen hartan iragarri zuten hau izango zela xedeetako bat: "orotariko biolentzien biktimen aitortzan atzeraezinezko pausoak behingoz ematea". Hori buruan, Foro Sozialaren beste jardunaldi batzuk antolatzea erabaki dute, bosgarrenak lanean hasi zirenetik, eta biktimen arloa izango da horien gai nagusia.

Foro Sozial Iraunkorreko Aitzpea Leizaolak eta Juanjo Espinak azaldu dutenez, "hausnarketarako gune bat" ireki nahi dute jardunaldi horietan, eta biktimen arloan jorratu beharreko zenbait gai aztertuko dituzte: egiaren inguruko hausnarketa erreparaziorako, justiziarako eta ez errepikatzeko mekanismo gisa, egia ezagutzeko mekanismoak, egia eta justizia, eta abar.

Beti bezala, Euskal Herriko zein nazioarteko eragile eta aditu ugarik parte hartuko dute Foro Sozial horretan. Laster emango dute horien berri. Bestalde, Foroaren gogoeta eta ondorioak azaroan aurkeztuko dituzte, Gasteizen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna