Gizartea

Bizitza Da Handiena mugimenduko lau kideren kontrako epaiketak irailaren 17an eta 25ean hasiko dira

Epaiketen kontrako hainbat mobilizazio iragarri dituzte. Mugimenduak salatu du defentsa lanetan aritu den abokatua ere auzipetu dutela. Erabakia "herritarren defentsa eskubidearen aurkako erasoa" dela ohartarazi dute.

Bitza Da Handienak hainbat protesta ekintza egin zituen maiatzaren amaieran, Turismoaren Mundu Erakundeak Donostian egin zuen goi bilera dela eta. Horien artean, irudian agertzen den eraikin publikoa okupatu zuten. /
Bitza Da Handienak hainbat protesta ekintza egin zituen maiatzaren amaieran, Turismoaren Mundu Erakundeak Donostian egin zuen goi bilera dela eta. Horien artean, irudian agertzen den eraikin publikoa okupatu zuten. / Gorka Rubio/Foku

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko irailak 12

Bizitza Da Handiena mugimenduko lau kideren aurkako epaiketak hasiko dira irailaren bigarren erdian, eta 60 gizarte eragile eta sindikatu baino gehiago biltzen dituen sareak epaiketen kontrako hainbat protesta ekintza iragarri ditu. Lehena, gaur bertan egin dute. Auzipetuekin elkartasun argazkia atera dute bi kide atxilotu zituzten toki berean: Donostiako Tabakaleraren parean.

Auzipetuetako bi maiatzaren amaieran atxilotu zituzten, Turismoaren Mundu Erakundeak Donostian egin zuen goi bilera dela-eta, Bizitza Da Handienak deitutako mobilizazioetan parte hartzen ari zirela. Horrez gain, poliziak dozena bat lagun identifikatu zuen protestetan. Ertzaintzaren jarrera "bortitza" eta "neurrigabea" salatu zuen mugimenduak, hurrengo egunean. Bizitza da Handienak salatu duenez, atxiloketen helburua atzerriko ordezkariek protesta sozialik ez ikustea izan zen. Horretarako, "zakur, drone eta taktika militarrak" erabili zituela adierazi dute. Hilaren 17an deklarazioa hartuko diete bi atxilotuei.

Beste bi lagunei, ordea, usurpazio delitua leporatu diete: maiatzaren 19tik aurrera astebetez Donostiako Idiakez kalean eraikin publiko bat okupatzearen ardura egotzi diete. Haien aurkako epaiketa hilaren 25ean izango da. Auzipetuen artean dago mugimenduko eragile sozialen defentsa lanetan aritu den Haizea Nuñez Palacio abokatua. "Onartezina da ikustea herritarrok gure eskubideen defentsan hautatzen ditugun abokatuon lana poliziak eta epaileek jazartzen dutela. Herritarron defentsa eskubidearen aurkako erasoa izan da, eta bide guztiak jorratuko ditugu bertan behera gera dadin. Eragile guztiok gogor salatzen dugu hori eta ardurak eskatuko dizkiegu Donostiako Instrukzioko 2. zenbakiko epaitegiko epaileari", adierazi du Bizitza Da Handiena plataformak.

Lau auzipetuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzera deitu du mugimenduak, epaiketak hasiko diren egunetarako, Donostiako Egia auzoko epaitegien parean. Irailaren 17an, 09:30ean egingo dute elkarretaratzea, eta, irailaren 25ean, 10:00etan.

Mugimenduak nabarmendu du epaiketak "elkarrekin lanean jarraitzeko arrazoi bat gehiago" direla. "Herri boterea eraikitzen jarraitzeko asmo irmoa daukagu, egungo egoerarekin ez baikaude inolaz ere ados", gaineratu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna