Internet

Egile eskubideen erreformaren alde egin du Europako Parlamentuak

Uztailean atzera bota bazuten ere, gaurko bozketa aise irabazi du lege proposamen polemikoak. Egile eskubideak aro digitalera egokitzeko, sareko edukiak erregulatzea du helburu.

Axel Voss Alemaniako parlamentari popularra, hark aurkeztutako lege proposamenaren garaipena ospatzen.
Axel Voss Alemaniako parlamentari popularra, hark aurkeztutako lege proposamenaren garaipena ospatzen. Patrick Seeger / EFE

Andoni Imaz -

2018ko irailak 12

40 botoren aldeagatik, egile eskubideak aldatu asmo zuen lege proposamenaren aurka bozkatu zuen uztailean Europako Parlamentuak. Gaurkoan, ordea, 438 parlamentari agertu dira alde, 226 kontra, eta 39 abstenitu egin dira. Proposamenaren aldekoek, Axel Voss Alemaniako eurodiputatu popularra buru dutela, 2001etik indarrean dagoen legea aldatzeko premia defendatzen dute. Egileentzako ordainsari justuagoak aldarrikatzen dituzte, haien lanei etekina ateratzen dieten korporazio handien aurrean. Vossek aurkeztu zuen testuaren aurka daudenenentzat, berriz, Interneten amaiera eragin dezake aldaketak, eta sareko askatasunaren aurkako egitasmoa da.

Luze bezain estu jo du bozketak, zuzenketaz josia, eta, azkenean, polemikaren erdian egon diren bi artikuluen alde egin du parlamentuak. 11. artikuluari link tax (estekaren zerga) izena jarri zioten aurkariek: Interneteko edukiak partekatzea mugatzea du helburu, editoreei "bidezko ordainsaria" emanda. Hala, prentsa editoreen esku egongo da haien albisteak zabaltzea baimentzea ala debekatzea, edo edukiak partekatzeko plataformei dirua eskatzea.

Ika-mika handiena sortu duen artikulua, halere, 13.a da. Erabiltzaileek igotako edukiak helburu komertzialekin bildu eta hedatzen dituzten atariak (Youtube kasu) eduki horien erantzule egiten ditu. Gaur egun, edukien gaineko kontrola ondoren egiten da, copyright salaketa bat jaso eta gero. Erreformaren helburua da aurretik ezartzea iragazki batzuk, legez babestutako lanak zabaltzea saihesteko. Proposamenaren aurkakoek, zentsura salatu dute artikuluaren aurrean, eta Interneteko enpresa handiek, berriz, teknologikoki zein ekonomikoki aurre egiteko zailtasunak.

Lege proposamena onartu ondoren, trialogoa-ren faseari eman diote hasiera: Europako Parlamentuak, Batzordeak eta Kotseiluak erreformaren behin betiko bertsioa landu beharko dute erlojuaren kontra, ondoren Estrasburgon bozkatzeko berriro, zuzentarau bilaka dadin. 2019ko Europako hauteskundeak gainean, handia da legea aurrera ateratzeko presa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna