Musika

Rachid Taha kantari aljeriarra hil da

Rai musikaren ahots nagusietako bat izan dena 59 urterekin zendu da.

Rachid Taha, 2010ean EHZ jaialdian, Heletan.
Rachid Taha, 2010ean EHZ jaialdian, Heletan. Gaizka Iroz

Mikel Lizarralde -

2018ko irailak 12

Bilatzaile bat izan zen bizitza guztian Rachid Taha (Sig, Aljeria, 1958). Bere herrialdeko musika tradizioa izan zuen abiapuntu, baina mendebaldeko musikak ere gertutik bizi izan zituen, eta rockaren nahiz musika elektronikoaren arrastoak ere nabarmenak izan ziren haren musikan.

Aljerian jaio bazen ere, nerabe zela egin zuen Frantziara, Parisera lehendabizi eta Lyonera gero. Han sortu zuen bere lehenengo taldea, Carte de Sejour —1983koa da taldearen lehenengo diskoa—, eta 1989tik aurrera bakarkako bideari heldu zion. Aljeriako rai musikatik tiraka, ez zien inoiz uko egin bestelako musikei, eta hala, hasiera-hasieratik funk eta techno erritmoak gehitu zizkion bere musikari. Carte blanche (1997) diskoak nazioarteko izar bilakatu zuen, eta Diwan (1998) lanak status berri hori berretsi zuen. Horren seinale da Khaled rai musikaren izen handienarekin eta Faudel gaztearekin 1999an konpartitzen duen 1,2,3, Soleil zuzeneko diskoa. Kontzertu eta disko horiek ezinbestekoak izan ziren rai musika Europan, eta batik bat, Frantzian, ezagun bilakatzeko.

2010. urtean Euskal Herria Zuzenean jaialdian izan zen Rachid Taha, Heletan (Nafarroa Beherea)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna