Pilota

Irailaren 29a inauguratuko dute Nafarroa Arena, Codere Mastersaren finalean

Lau bikotek jokatuko dute torneoa. Altuna III.ena, Rezusta eta Zabaleta dira oraingoz torneoa jokatzeko sailkatutako hiru pilotariak. San Mateo jaietako torneoan banatutako puntuek erabakiko dute bertze zein pilotarik jokatuko duten. Nafarroa Arena pilotaleku berrian jokatuko da finala.

Pilotariak eta frontoiko arduradunak gaurko aurkezpenean./
Pilotariak eta frontoiko arduradunak gaurko aurkezpenean./ IƱigo Uriz/FOKU

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko irailak 12

Gaur goizean aurkeztu dute Iruñeko Nafarroa Arena pilotaleku berrian udako azken torneoa izango den Codere Mastersaren bigarren edizioa. Irailaren 26an eta 27an jokatuko dira finalaurrekoak Labriten. Finala, berriz, irailaren 29an jokatuko da Nafarroa Arena pilotaleku berrian. Pilotaleku horretako lehen partida izango da torneoko finala.

Lau bikotek jokatuko dute torneoa. EPEL ligako sailkapenean lehenengo gelditu diren hiru aurrelarik eta atzelarik osatuko dituzte lehenengo hiru bikoteak. EPELeko Kirol Batzordeak, gonbidapen bidez erabakiko ditu zein izango diren azken bikotea osatuko duten pilotariak.

Oraingoz, ziur torneoa jokatuko dute pilotari bakarrak Jokin Altuna, Beñat Rezusta eta Jose Javier Zabaleta dira Sanmateotako torneoan banatutako puntuek erabakiko dute zeinen osatuko dituzten bigarren eta hirugarren bikoteak.

Altuna III. eta Rezustak osatuko dute lehen bikotea, Zabaletak aldiz oraindik itxaron egin beharko du zein aurrelari izango duen jakiteko. Lehen finalaurrekoan, irailaren 26an, Altuna eta Rezustak sailkapeneko hirugarren atzelari eta aurrelariaren aurka jokatuko dute. Irailaren 27an, aldiz, Zabaleta eta sailkapeneko bigarren aurrelariak gonbidatutako bikotearen aurka jokatuko dute.

Lanak hasi eta bederatzi urtera

Nafarroa Arenan jokatuko den lehen partida izango da Codere Masterseko finala. Hura eraikitzeko obrak hasi eta bederatzi urtera inaguratuko dute beraz, eta obrak amaitu eta zazpi urtera. 3.000 ikuslerentzako tokia du, Bilboko Miribillakoak bezala. 60 milioi euro baino gehiago erabili dituzte Nafarroa Arena eraikitzeko obretan. UPNren ekinbidez jarri zen abian proiektua.

Ruben Goñi Nafarroako Gobernuko Kirol zuzendariak iaz BERRIAri emandako elkarrizketan nabarmendu zuen Nafarroa Arena ez zela behar, baina behin eginda dagoela, ezin dela itxita eduki: "54 milioi euroko obra bat eginda zegoen, eta orain beste 6 milioi euroko beste obra bat falta da egiteko. Iritsi ginenetik bi izan dira gure lan ildo nagusiak. Batetik, itxita egonda, saiatu gara ahalik eta gastu gutxiena eragiten administrazio publikoari. Bestetik, azterketa bat abiatu genuen, jakiteko zein zen azpiegitura kudeatzeko modurik egokiena, eta ondorioa izan zen obra bukatu behar bezala. Egin ziren inbertsiok eginda, ireki egin behar zen. Ezin genuen itxita eduki. Obraren %90 eginda egonda, bagenuen ardura bat irekitzeko."

Aurtengo lau eta erdiko finala ere han jokatuko da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna