Rachid Taha

«Aljeria zintzurretik ezin irentsia dauka Frantziak»

Elkarrizketa hau 2010eko uztailaren 13an argitaratu zuen BERRIAk, eta, hura hila delarik, berriro sareratzea erabaki du.

Nora Arbelbide -

2018ko irailak 13

«Zer eginen diogu, ba?», erdi mozkor, erdi irriz, erdi ironiaz, erdi haserre. Rachid Taha emozioz beteriko artista oso bat da. Heletan (Baxenabarre) Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren karietara eman kontzertutik landa, elkarrizketen jokoari ekin zion. Eta badaki ongi jostetan Tahak. Kazetariei galdezka has daiteke, edo, bestela, galderari kasu handirik egin gabe, hark berak erabakitzen du zertan mintzatu. Eta behin mintzatzen hasi eta motorra pizten da. Eta orduan, hobe gidoia ongi atxikitzea, bestela, eskapa daiteke, eta segitzea zaila.

«Zer eginen dio, bada?», dio artistak, goibeldurik, Frantziak oraindik bere musika Munduko musiken sailean sartzen duela ikustean. Alabaina, hala deritzo Frantziako musika sari nagusiak, Les victoires de la musique izeneko egiturak. Rachid Taharen Bonjour azken diskoa, Amadou eta Mariam, Cesaria Evora eta Salif Keitaren kategorian sartu zuten. Salif Keita zuten izendatu, azkenean, 2010eko munduko musika kategoriako artistarik onena.

Musikan kategoriak sortzeak usu hertsitzen badute artisten mundua, Taharen kasuan, Munduko musiketan sartzea kasik iruzur bat da. Berez, funtsean, munduko musika kategoria bera iruzur bat den bezala. Izendapen horretan, urruneko hirugarren mundu bateko soinu exotiko baten hautematen baita anitzetan. Funtsean, Heletan Tahak eman kontzertura hurbildu ziren batzuk harrapatu zituen. «Dantzatzeko gogoa ematen duten ekialdeko doinu eztiak espero zituzten, baina rocka izan zuten. Eta hori Ingalaterran, hasteko, ongi ulertua dute», poztu da Taha bera. Han, rock artista gisa baitute aurkezten. Rock musika da Rachid Taharena, nahiz eta arabieraz kantatu. Nahiz eta lautea bezala, ekialdeko instrumentu zenbait izan, nahiz eta kantu tradizional batzuk egokitu. Bere erreferentziek mundua bezain zabalak ditu, hori egia. «Nire eraginak? Motorhead», dio, irriz. Eta segitzen du zerrenda. Jose Torres Garzon Pepe Pinto, Jose Monge Cruz Camaron de la Isla, «munduko kantaririk hoberena da. Munduaren mina da».

Aljeriako Oran hirian sortu eta, 10 urtetan joan zen Frantziara bizitzera. Eta, geroztik, hor bizi da. Frantziako kontraesan guztien azpitik, eta gainetik. Entseatzen, entseatzen da. Bere azken diskoa horregatik du Bonjour (Egun on). Izen bereko kantu baikorra bezala. Irri bat, gomita bat bezala: «Irratietan entzuteko modukoa», hark berak ironikoki zehaztu duen bezala. Baina, hara: «Kanadan diskoa bikaina dela erran didate. Frantzian, aldiz: 'Bai, baina…', izan dute erantzun».

Arrazoiak erabat politikoak direla argi du: «Aljeria zintzurretik ezin irentsia dauka Frantziak. Aljeria ez zen edozein herri. Frantziako departamendu bat zen. Niri ere galdetu didate Immigrazioko idazkari izatea, baina ni ez naiz prostituta bat. Ez naiz Rama Yade, ez Fadela Amara». Biak etorkinen alabak dira, biak Frantziako Gobernuarentzat lanean ari dira: «Aitzakiak dira. Jartzen dizkigute beltzak eta arabiarrak, baina ez dute deusentzat balio». Tahak, ordea, hautsi-mautsirik gabeko musika du injustizia eta arrazakeria guztien erantzun: «Galtzak ez ditut jaisten. Joan daitezela antzarak ferratzera!». Musika eta iraultza: «Iraultzaren alde naiz. Arazoa da musikarekin bakarrik biziki zaila dela. Gure parean faxistak ditugu, gero eta indartsuagoak direnak». Gogorrak ditu hitzak, bere sufrimenduaren araberakoak.

Ahalmen urrikoen pareko

Iraultzaren zain, anartean, segitzen du salatzen. Telebistan ere bai, gonbidatua den apur horietan. Anekdotak frogatzat. Behin, telebistako emankizun batera gonbidatu zutela ongi gogoan du. Ondoan, Bixente Lizarazu futbolari ohia zuen, baita Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen ahalmen urriko kirolaria: «Negarrez ari zen kirolaria. Zango faltsua zuen, eta, horregatik, New Yorkeko aireportuan hiru oren laurdenez atxiki zuen Poliziak. Hori errandakoan, denak tristatu ziren. Eta nik ihardetsi nien: Afrikarrak, arabiarrak, zenbat denboraz atxikitzen dituzte? Aste oso batez. Nor da zinez elbarritua? Eta Lizarazu, erdi haserre, niri so. Baina niri bost axola. Bera bezalakoak egunero entzuten ditut».

Badu beste egitekorik. Salatzen segitzen duen bezala, segitzen du lanean. Frantziatik haratago. Bere musika lau haizeetara zabaldua da, eta kolaborazio anitz eginak ditu eta egiten ditu. Les Tetes Raides, Rodolphe Burger, U2 eta Colplay taldeen produktore Brian Eno musikaria, Patti Smith eta Damon Albarn eta haren Africa Express, horiekin dabil. Eta horrek guztiak ekartzen dio aitzina segitzeko erregaia: «Plazera beti hor da, oholtza gainera igotzen naizelarik, jendea ikusten dudalarik». Mahmoud Darwish (1941-2008) poetari egin omenaldi batean ere partaide izaki, Palestinan baditu zenbait proiektu: «Antisionista naiz, eta fuck you! erraten diet» Hark berak ingelesez erranik: «Eta hori ordaintzen dudala? Ordaintzen dut, bai», beti bezain zaintsu. Argi eta itzal artean.

Beste anekdota bat botatzen du, ezin isildua. Emazteari lotua du hori. Barbara d’Alessandri argazkilariari ezkondua da. Lehen aldian ikusi, eta segituan maitemindu eta: «Eta zer erran zioten beren burua ezkertiartzat dutenek? Zer ari zara arabiar horrekin. Bortxatuko zaitu, drogatua da, Ihesa dauka… Nora arte doan humanoen pitokeria! Geroztik badu hiru urte eta erdi elkarrekin gaudela». Elkarrekin ari dira ere lanean. Koraneko testuak idatzi nahi ditu emazte baten sexuaren ondoan, eta hori argazkietan hartu Tahak. Segur da ederra izanen dela, jakin arren eskandalua sortuko duela horrek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna