Gizartea

Bizitza Da Handiena mugimenduko bi kideren epaiketa bertan behera gelditu da behin-behinean

Defentsa abokatuak jarduketak baliogabetzeko eta auzia artxibatzeko eskatu dio epaileari. Epaileak erabaki du epaiketa ez egitea defentsaren eskaera aztertu artean. Defentsa abokatua ere auzipetuta dago. Irailaren 17an mugimenduko beste bi kideren kontrako epaiketa hasiko da.

Bizitza Da Handiena mugimenduak taldeko bi kide auzipeturi babesa adierazteko elkartasun argazkia egin zuen atzo, Donostian. /
Bizitza Da Handiena mugimenduak taldeko bi kide auzipeturi babesa adierazteko elkartasun argazkia egin zuen atzo, Donostian. / Gorka Rubio/Foku

Berria -

2018ko irailak 13

Bizitza Da Handiena mugimenduak bere taldeko lau kide auzipetu dituztela salatu zuen atzo. Kide horien kontrako bi epaiketak irailean hastekoak ziren, baina epaiketetako bat behin-behinean bertan behera gelditu dela jakinarazi du gaur mugimenduak. Azaldu duenez, defentsa abokatuak jarduketak baliogabetzeko eta auzia artxibatzeko eskatu dio epaileari, eta hark epaiketa etetea erabaki du, eskaria aztertu artean. Defentsa abokatua ere auzipetuta dago.

Epaiketa horretara deituta zeuden bi kideak hamabost urtez hutsik egon den eraikin publiko bat okupatzeagatik auzipetu dituzte, eta hilaren 25an ziren epaitzekoak. Epaiketa, oraingoz, bertan behera gelditu denez, indarrak beste auzian jartzera deitu du Bizitza da Handienak.

Beste epaiketan, mugimenduko bi kide daude auzipetuta. Joan den maiatzean atxilotu zituzten, Donostian, Munduko Turismo Erakundeak hirian egin zuen goi bileraren harira antolatu zen manifestazioan parte hartzen ari zirela. Atzo, Bizitza Da Handienak auzipetuekiko elkartasun argazkia atera zuen atxilotuak izan ziren tokian, eta elkarretaratzera deitu du datorren astelehenerako; epaiketa hasiko den egunerako. Donostiako Egia auzoko epaitegien parean egingo dute protesta, 09;30ean.

Mugimenduaren esanetan, "erabat faltsuak diren akusazioak" egin dizkiete bi auzipetuei; besteak beste, poliziei lesioak eragitea. Egun hartako mobilizazioa "erabat baketsua" eta zilegia izan zela nabarmendu dute. "Bi lagunak atxilotu egin zituzten, Polizia bultzaka hasi eta lurrera bota zituztenean. Lotsa gutxi izan behar da ezer egin ez zuten bi laguni halako akusazioak dohainik egiteko", adierazi du mugimenduak ohar bidez.

Bizitza Da Handienak elkartasun mezua bidali die auzipetuei. "Zuekin gaude". Aldiz, "Euskal Erregimenari" ohartarazi diote kideak babestuko dituela. "Gutako inori eraso egiten badiozue, denoi eraso egingo diguzue. Herritarrok elkar defendatzen dugu".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna