Euskal Presoak

Etxerat: "Espainiako Gobernua senideen sufrimenduarekin jolasten ari da"

Etxerat elkarteak salatu du Madrilek ez duela eman "inolako aurrerapausorik" euskal presoen urruntzea amaitzeko. Orain Presoak dinamikak urriaren 20rako Donostian antolatu duen manifestazioan parte hartzera deitu du.

Urtzi Errazkin eta Patricia Velez Etxerat elkarteko bozeramaileak, gaur, Donostian egin duten agerraldian. /
Urtzi Errazkin eta Patricia Velez Etxerat elkarteko bozeramaileak, gaur, Donostian egin duten agerraldian. / Gorka Rubio/Foku

Berria -

2018ko irailak 13

Etxerat elkarteak euskal presoen urruntze politika amaitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta leporatu dio bide horretan oraindik ere "inolako aurrerapausorik" ez ematea. Patricia Velez eta Urtzi Errazkin bozeramaileek nabarmendu dute Frantziako Gobernuak euskal presoak Euskal Herrira gerturatzeko neurriak hartzen hasia bada ere Madrilek ez duela hartu oraindik gisa horretako erabakirik. "Kea saldu du gobernu espainiarrak. Euskal gizartearen itxaropenekin eta senideen sufrimenduarekin jolasten ari dira". Gaineratu duenez, "berez gogorra den egoerari ziurgabetasuna eta frustrazioa gehitu dizkio".

Jarrera aldatzeko eskatu dio Etxerat-ek Pedro Sanchezen gobernuari, eta ausardiaz jokatzeko galdegin dio. "Komeni da gogoratzea sakabanaketa politika martxan jarri zuen alderdi bera dagoela orain gobernu espainiarrean". Horrez gain, nabarmendu du presoen urruntzea legez kontrakoa dela. "Gobernuaren estrategia izan daiteke urrunketa, baina inolaz ere ez zuzenbide estatuaren estrategia".

Etxerat-ek ohartarazi du "zuhurtzia eta pazientzia" eskatzen zaiela, baina dagoeneko ez dutela halakorik. "Ez dakigu norekin eta zein helbururekin negoziatzen duen Espainiako Gobernuak ustezko hurbilketa, baina gogorarazi nahi diogu gure segurtasuna, gure osasuna eta gure bizitzen inguruan negoziatzen ari direla".

Egoera hori ikusirik, Etxerat-ek ezinbesteko "ahalegin berri bat" eskatu die euskal gizarteari, indar politiko eta sindikalei eta erakundeei "immobilismoaren hesia gainditzeko". Helburu horrekin, Orain Presoak dinamikak urriaren 20rako Donostian antolatu duen manifestazioan parte hartzera deitu du. Azaldu dute egun horretan ez dituztela bisitatuko espetxean diren lagun eta senideak.

Udako balantzea

Euskal presoen eta haien hurbilekoen egoerari buruzko udako balantzea ere aurkeztu du Etxeratek. Azaldu duenez, euskal presoen bost senide eta gertukok bi auto istripu izan dituzte udan. Horrez gain, Algecirasera (Espainia) zihoan senideen autobus bat harrikatu zuten. Azken hilabeteetan, euskal presoak are urrunago dauden espetxeetara eraman dituztela ere salatu dute.

Etxeratek Espainiako Gobernuaren jarrera agerraldian saiatu eta gutxira, Kepa Arronategi eta Marta Igarriz euskal presoak Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara lekualdatuko dituela jakinarazi du Espainiako Espetxe Zuzendaritzak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna