Katalunia

Quim Torrari eginiko elkarrizketa argitaratuko du BERRIAk igandean

Quim Torra Kataluniako presidentea elkarrizketatu du Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak, Diadaren ondorenean. Kataluniako egoera politikoaz eta prozesu subiranistak dituen erronkez mintzatu da Generalitateko burua.

Berria -

2018ko irailak 14

BERRIAk Quim Torrak Kataluniako presidenteari eginiko elkarrizketa luze eta zabala argitaratuko du igande honetan. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak elkarrizketatu du, Bartzelonan. Torrak Kataluniako egoera politikoa eta mugimendu subiranistak jarraitu beharreko norabidea aztertu ditu, joan den astearteko Diada jendetsuaren ondorenean.

Ezohikoa izan da aurtengo Diada, zenbait buruzagi independentista preso edo erbesteratuta baitaude, iazko urriaren 1eko erreferenduma bultzatzeagatik eta antolatzeagatik. Horiek izan zituen gogoan Torrak, Diadarako grabatu zuen bideo instituzionalean. Eta nabarmendu zuen "presoengatik eta erbesteratuengatik" errepublika "gauzatzeko" konpromisoa hartua duela.

Auzipetutako buruzagi independentisten kontrako epaiketa datozen hilbateetan hastea espero da, eta hura inflexio puntua izan daitekeela ohartarazi dute indar independentistek. Torrak Diadaren egunean ohartarazi zuen ez zuela haien kontrako zigor epairik onartuko. Nazioarteko hedabideen aurrean eskaini zuen prentsaurrekoan egin zituen adierazpen horiek. Kataluniako presidenteak esan zuen ezingo dituela "espetxeak ireki" Auzitegi Gorenak zigortzen baditu, nahiz eta presoak Kataluniako kartzeletan egon. Aldiz, balizko zigor ebazpen bati nola erantzun erabakitzea Kataluniako Parlamentuari dagokiola defendatu zuen.

Indar independentistek auzian esku hartzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Madrili galdegin diote fiskaltzaren jarrera aldatzeko. Gobernuak, aldiz, halakorik ezin duela egin erantzun du, eta fiskalaren "izaera autonomoa" nabarmendu du. Aldiz, izan da keinurik Madrilen diskurtsoan. Josep Borrel Atzerri Gaietarako ministroak Diadaren egunean adierazi zuen nahiago lukeela espetxeratutako buruzagi independentistak aske egotea, haiek ihes egitea eragozteko beste modu batzuk badirela iritzita.

Buruzagi independentisten kontrako epaiketak garrantzia handia izango du subiranisten estrategia zehazterakoan. Indar independentistek ez dute orain urte bete islatu zuten batasun irudia agertu azken hilabeteetan. Agerikoak dira JxCren, ERCren eta CUPen diskurtsoen arteko desberdintasunak. CUPek errepublika gauzatzen hasi nahi du berehala eta utopiatzat du Madrilekin erreferendum bat adosteko aukera; ERC aldebakarreko estrategia alboratzearen alde mintzatu da eta errepublikaren aldeko oinarri soziala zabaltzeari eman nahi dio lehentasuna, eta JxCk elkarrizketa eskaini dio Espainiako Gobernuari, aldebakarreko estrategiari uko egin gabe.

Torrak ari gutzi zuen ikasturte politikoaren hasierako diskurtsoan Madrilekin erreferendum bat adosteko prest dagoela. Haren esanetan, "nazioarteak onartutako autodeteminazio erreferendum bat" da gatazka konpontzeko modu bakarra. Helburu hori lortzeko, Torrak ezinbesteko jo du herritarren mobilizazioa. "Eskubide zibil eta politikoen aldeko borrokak eramango gaitu errepublikara". Hori dela eta, buruzagi independentisten kontrako epaiketa amaitu arteko mobilizazio jarraia bultzatzea proposatu du.

Diadaren egunean, indarrez erantzun zioten herritarrek mobilizazio deialdiari. Azkeneko sei urteotan bezala, arrakastatsua izan zen ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak Kataluniako egun nazionalean antolatutako ekitaldi herrikoia. Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, "gutxi gorabehera" milioi bat inguru pertsona bildu ziren Diagonal etorbidean.

Bien bitartean, Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren artean elkarrizketa abiatzeko saiakerek ez dute oraingoz uztarik eman; publikoki, bederen. Aste honetan bertan, PDeCATek atzera egin du elkarrizketa hori babesteko PSOErekin adostua zuen mozio batean. PDeCAT testuari babesa ematekoa zen, baina iritziz aldatu zuen. Jarrera aldaketa azaldu du esanez testuak gehiegizko baldintza ezartzen diola gobernuen arteko elkarrizketari. Mozioak jasotzen duenez, "egungo ordenamendu juridikoaren" barnean behar du solasak.

Azken egunetako gertakari horien testuinguruan egin dio elkarrizketa BERRIAk Torrari.

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna