Euskal Elkargoko zakar biltzaileek greba mugimendu mugagabea hasi dute CGT sindikatuak deituta

Baionako hondakindegirako sarrera blokeatu dute gaur goizean Euskal Elkargoak entzungor egin diela salatzeko. Elkargoko komunikazio zerbitzuaren arabera, kostaldeko hondakin bilketa da blokeatua den bakarra; barnealdean "normal" ari direla diote. Agerraldia eginen dute 15:00etan. LAB eta CFDT sindikatuek ez dute bat egin greba mugimenduarekin.

Baionako hondakintegiko sarrera blokeatu dute greban diren langileek.
Baionako hondakintegiko sarrera blokeatu dute greban diren langileek. E.E.B.

Ekhi Erremundegi Beloki -

2018ko irailak 14

Euskal Elkargoa sortzeko lehen ziren hamar herri eta hiri elkargoen batzeak nahasmena sortu dute zerbitzu anitzetan. Elkargo guziko langileen lan baldintzak harmonizatu behar dituzte, baina batzuk beldur dira abantailak galduko dituzten. Hori gertatu da hondakintegietako langileekin: 18 hilabeteko elkarrizketa sozialaren ondotik, zuzendaritzak entzungor egin diela kontsideratu du CGTk, eta greba deialdia ezarria zuten. Atzo gauean biltzekoak ziren Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Maider Behotegi giza baliabideetako lehendakari ordea, eta Xavier Aspord zerbitzuetako zuzendari nagusiarekin, baina Behotegi baizik ez zen agertu. Erantzunarekin haserre, greba mugagabera deitu du gaur goizean CGTk. LAB eta CFDT sindikatuek ez dute bat egin mugimenduarekin.

Hiru arlotan dute arrangura langileek Thierry Prel CGTko langile ordezkariaren arabera. Lehena, primen harmonizazioa: "Euskal Elkargo guziko primak harmonizatu behar dira, baina primarik onenak hartuak izan daitezela oinarri gisa. Ez dugu egun batetik bestera egitea eskatzen, baina bizpahiru urtez pixkanaka egin daiteke", adierazi du Prelek. Bigarren eskaera, agente bakar batek ere ez dezala gal bere lansaria. "Erraten digute ahoz ez dela halakorik gertatuko, lorpen bat delako, baina guk idatzizko engaiamendua eskatzen diegu. Jakin behar da legeak gure lansaria atxikitzera behartzen dituela urte batez, baina ondoren ez da obligaziorik. Atxikitzen ahal digute ala ez; haiek ezarritako zorura jaits gaitezke. Langileen %40k ikusi dezakete bere lansaria apaltzen. Idatzizko engaiamendu bat nahi dugu, erranez langileek orain duten saria atxikiko dutela erretiroa hartu arte".

Azkenik, lanorduei dagokionez, zerbitzu guziek lanordu kopuru berarekin lan egin dezatela eskatzen dute greba mugimendua abiatu duten langileek. "35 ala 39 ordu; erran genezake zuzendaritzari dela erabakitzea, baina zerbitzu guziek berdin lan egin dezatela, ez dadila diferentziarik izan", eskatu du Prelek. Ekintza sozialean ere hobekuntzak eskatu dituzte, osasun arloko babesa, besteak beste, "jakitun" ekintza sozialaren hobekuntzat ekarriko diela "erosahalmenaren hobetzea".

Euskal Elkargoko komunikazio zerbitzuek greba mugimendua erlatibizatu nahi izan dute, hiru sindikatutik bakarrrak deitua dela eta blokeoa kostalde mailakoa baizik ez dela argudiatuta: "barnealdean normal egin da bilketa". Euskal Elkargoko ordezkariek agerraldia eginen dute 15:00etan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna