Indarkeria matxista

Gasteizen ume bat hiltzeagatik epaitu duten gizonak ama ere hil nahi zuela ebatzi dute

Bederatzi ordu behar izan ditu herri epaimahaiak kasuari buruzko ebazpena kaleratzeko; burutik nahastuta zegoenik baztertu dute

Arantxa Iraola -

2018ko irailak 14

Gizonak bi biktimen kontra «defentsarako era oro» eragotzita jardun zuela ebatzi dute.  Akusatuaren defentsak ahalegina egin du adierazteko burutik ongi ez zegoela gizona erasoa egin zuenean. Gau hartan hainbat ahots aditzen zituela esplikatu zuen epaiketan, eta haien agindua jarraitu zuela. Hitza hartu duten perituek, ordea, ez dute tesi hori berretsi. Akusazioak «antzerkia» egiten aritzea egotzi dio akusatuari, eta herri epaimahaiak ere ez du ikusten haren jokabidea zuritzeko erarik: atzera bota dute akusatua ez zela bere buruaren jabe erasoa egin zuenean.

Defentsak, halaber, umearen amari egindako erasoan lesioak bakarrik egoztea nahi zuen, baina herri epaimahaiak hura hiltzeko ahalegina ikusi du. Erasoa egin zuenean gizonak 30 urte zituen; umearen amak,18. Aste batzuk lehenago ezagutu ziren biak, eta gizonak proposatuta joanak ziren biak haren etxera. Irakasle ziharduen akusatuak Gasteizen. 

Herri epaimahaiaren ebazpena aintzat hartuko du orain epaileak epaia emateko eta zigorra ebazteko. Espainiako legediko zigorrik gogorrena nahi dutela berretsi zuten atzo akusazioek —umetxoaren gurasoak eta Clara Campoamor elkartea— eta fiskaltzak; espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezartzea nahi dute. Helegitea jartzekoa da defentsa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna