Euskara

50 hizlari elkartuko ditu Euskaltzaindiak, Arantzazun egingo duen nazioarteko biltzarrean

Urriaren 4, 5 eta 6an izango da Arantzazutik mundu zabalera: 1968-2018 biltzarra. Euskararen indarguneak eta ahuleziak identifiaktu, eta etorkizuneko erronkak aztertzea dute xede.

Euskaltzaindiko kideak, gaur, prentsaurrekoan.
Euskaltzaindiko kideak, gaur, prentsaurrekoan. Euskaltzandia

Berria -

2018ko irailak 17

Euskara batuak 50 urte ditu aurten. Hori baliatuta, eta akademiaren mendeurreneko ekitaldien barruan, XVII. Biltzarra egingo du Euskaltzaindiak Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa). Urriaren 4, 5 eta 6an egingo dute nazioarteko biltzarra, eta 50 aditu bilduko dituzte. Arantzazun jarri zituzten Euskara batuaren oinarriak 1968ko urriaren 3an egin zuten bileran.

Biltzar hori "mugarria" izatea nahi du akademiak, Andres Urrutia euskaltzainburuak gaurko prentsaurrekoan jakitera eman duenez. Horregatik, "euskalgintzako eragilerik garrantzitsuenak" gonbidatu dituzte bertara. Euskara batuaren sorreraz eta ibilbideaz hausnartuko dute, hainbat alorretako erronkak aztertuko dituzte, baina beste hizkuntza gutxituetako estandarizazio prozesuak ezagutzeko tartea ere izango da. Izan ere, ezinbestekotzat jotzen dute elkarlana: "Euskararen etorkizuna bermatu nahi badugu, elkarrekin jokatu behar dugu, esperientziak trukatu eta elkarlanean aritu". Eta Euskaltzaindiak ez du dudarik; helburua euskararen etorkizuna da.

"Gogotsu eta indatsu" daudela erakutsi nahi dute Euskaltzaindiako kideek, eta hainbat baliabide teknologiko eta linguistiko ere aurkeztuko dituzte Arantzazun: Euskara Batuaren Eskuliburua eta Euskaltzaindiaren webgune berria.

Biltzarrean parte hartu nahi duenak izena eman dezake jada. Eta bestela, streaming bidez jarraitu dezake, Euskaltzaindiaren Youtubeko atarian.

Euskaltzaindiaren mendeurreneko bigarren ekitaldia izango da Arantzazukoa. Uztailean egin zuten aurreneko ekitaldia, patronatua osatuta, eta datorren urteko urrira bitartean beste zazpi ekitaldi ere egingo dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna