turismoa

Non gaude?

Jaurlaritzaren turismo eskuliburu baten azalak zalaparta sortu du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mapa ageri da, Europako mapa batetik aterata. Kokagunea markatzerakoan, Espainiaren erdi aldean jarri dute borobila.

Berria -

2018ko irailak 18

Umorez hartu dute batzuek, ironiaz. Kritika seriorako ere bai, beste batzuek. Alfredo Retortilloren esku dagoen Turismo Sailak aurten ateratako eskuliburuetako batek Espainiaren erdi aldean kokatu ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. "Castilla la Vasca" deitu dionik bada, eta baita "gora cuenca" oihukatu duenik ere.

Letra txikiari begira jarrita, galdera bota du Martin Kittok. Argazkian ikusten da eskuliburu horrek bigarren edizioa duela, eta aurrenekoaren irudi berbera ote den galdetu du. Alegia, eskuliburua berritzerakoan akatsa errepikatu duten, edo lehen ondo zegoena jarri duten gaizki orain.

Eta Iñigo Landak erantzun dio. Aurreko edizioaren argazki bat eta aurtengoarena jarri ditu parean. Han ikusten da lehen geogafrikoki ondo kokatuta zeudela hiru lurraldeak, eta orain aldatu dituztela lekuz. Eta ez hori bakarrik, "Donostia" euskarazko adiera desagertu egin da aurtengoan. Lehen "Donostia - San Sebastian" jartzen zuen tokian "San Sebastian" bakarrik jartzen du orain.

Hiru lurraldeak Europako mapan kokatzeko egin duten borobila itsasorik ere ez dagoen leku batean jarri dute. Itsasoaren gabeziak hutsa nabarmen uzten duela salatu dute hainbatek.

Eta Basque Country izenaren azpian zazpi lurraldeak jarri beharrean Araba, Bizkai eta Gipuzkoa bakarrik jartzea ere salatu dute hainbatek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna