Espainiako Konstituzioaren erreforma

UPNk eta PPk konstituziotik laugarren xedapen iragankorra kentzeko eskatu dute berriro

Esparzak uste du abertzaleei emandako kontzetsio bat dela erreferendum bidez Nafarroa EAEra batzeko aukera. Beltranek dio erreforman "premiazkoena eta garrantzitsuena" neurria erretiratzea dela, ez hautetsiei forua kentzea.

Javier Esparza UPNko presidentea, joan den ekainean, Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2018ko irailaren 18a
13:42
Entzun

Espainiako Konstituzioa aldatzen bada—PSOEren gobernuak hautetsien forua kendu nahi du—, handik laugarren xedapen iragankorra erretiratzeko eskatu dute UPNk eta Nafarroako PPk berriro. EAEk eta Nafarroako erkidegoak bat egiteko aukera jasotzen du xedapenak, eta Javier Esparza UPNko presidenteak ohartarazi du bere alderdiak ez duela babestuko konstituzioaren erreformarik, xedapena kentzen ez bada. "Behingoz, amaitu behar dira Nafarroagatik bere garaian abertzaleei emandako kontzesioak".

UPNko presidenteak uste du Katalunia bezala Hego Euskal Herria ere "berehala, arrisku" bihur daitekeela "herri honen batasunerako. Esate baterako, inkonstituzionala litzatekeen estatutu erreforma bat negoziatzen ari dira [EAEn], eta gure herriarentzako beste eraso bat izan ahal da".

Esparzak gogoratu du UPNren "betiko helburua" izan dela konstituziotik laugarren xedapen iragankorra erretiratzea. "Baina Garbi dago PPrentzat eta PSOErentzat ez dela, biek gobernatu izan dutelako gehiengo osoarekin eta ez dutelako ezer egin kentzeko".

Ana Beltran PPNko presidenteak iritzi dio erreforman "premiazkoena eta garrantzitsuena" ez dela hautetsiei forua kentzea, "baizik eta laugarren xedapen iragankorra indargabetzea". 2011n PPk Espainiako Gorte Nagusietako bozetako programan jaso zuen proposamen hori, eta Mariano Rajoy presidentegaiak inbestidura saioan Uxue Barkos Geroa Baiko parlamentariari esan zion konstituzoa aldatuz gero gauzatu egingo zutela neurria.

Beltranen arabera, xedapena "mehatxua" da nafarrentzat, "erreferendum bidez Nafarroa EAEra batzea ahalbidetzen duelako". Uste du "trantsizio" garaian, "Euskadik Nafarroa fagozita ez zezan, oso balekoa eta beharrezkoa" izan zela neurria ezartzea. "Gaur egun, ordea, anakronismo bat da".

Espainiako Konstituzioa

Aldibaterako laugarren xedapena:

1) Nafarroaren kasuan, eta berori Eusko Kontseilu Nagusian edo horren ordezko izango den euskal autonomia-araubidean [Gernikako Estatutua] sar dadin, Konstituzioaren 143. artikuluak ezartzen duena bete beharrean, foru-organo eskudunak [Nafarroako Foru Parlamentua] izango du ekimena; organo horrek erabakia hartuko du, bera osatzen duten kideen gehiengoz. Ekimen hori baliozkoa izan dadin, nahitaezkoa izango da, gainera, foru-erakunde eskudunaren erabakia referendumaren bidezberrestea; horretarako beren beregi deialdia egin beharko da, eta, baliozkotasunezemandako boto guztietatik, gehienek onespena eman beharko dute.

2) Ekimenak aurrera egiten ez badu, hori ezin izango da errepikatu foru-erakunde eskudunaren agintaldi berean, beste batean baizik, eta, edozein kasutan, 143. artikuluak ezartzen duen gutxieneko epea igaro arte [bost urte].

Nafarroako Foru Hobekuntza

Bigarren xedapen gehigarria: Parlamentua izango da foru organo eskuduna zeregin hauetarako:

a) Konstituzioaren aldi baterako laugarren xedapenean jasotako ekimena gauzatzeko.

b) Nafarroak, autonomia erkidego batean sartzen bada, bertatik bereizteko ekimena gauzatzeko.

Gernikako Estatutua

2.2 artikulua: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoek, gaur egungo probintzien muga berberetan, osatuko dute Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren lurraldea; baita Nafarroakoak ere, baldin eta Konstituzioaren aldi baterako laugarren xedapenean finkatutako jardunbideari jarraituz partaide izatea erabakitzen badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.