BERDINTASUNA

Indarkeria matxistaren biktimei eskaintzen dien arreta hobetuko du Nafarroako Gobernuak

Laguntzak eta baliabideak handituko dituzte, eta giza salerosketaren biktimei aterpea emateko zerbitzua ezarriko dute

Ana Ollo kontseilaria eta Mertxe Leranoz Berdintasun Institutuko zuzendaria, gaurko agerraldian.
Ana Ollo kontseilaria eta Mertxe Leranoz Berdintasun Institutuko zuzendaria, gaurko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko irailak 18

Nafarroako Gobernua duela 20 urte hasi zen emakumeen kontrako indarkeriaren biktimei arreta eta baliabideak eskaintzen, baina laguntza horren ebaluaziorik ez da inoiz egin, orain arte. Nafarroako Berdintasun Institutuak erabaki du baliabide horien egokitasuna neurtzea, indarguneak eta ahultasunak detektatze aldera. Oro har, azken urteetan aurrera urratsak egin dituztela onartuta ere, laguntza "eraginkorragoak" eta "genero perspektiba handiagoa" beharko direla adierazi dute Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendari Mertxe Leranozek.

Zehazki, bi motatako laguntzak aztertu dituzte: batetik, indarkeria matxistaren biktimei propio zuzendutakoak (lan sarbiderako laguntzak eta larrialdi sozialekoak); eta bestetik, laguntza orokorragoak (errenta bermatua, gizarteratze errenta aktiboa...). Horiek ikertu ostean, bi lehentasun azpimarratu dituzte Ollok eta Leranozek: bat, indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko baliabideen eredu berri batera jotzeko beharra; eta bi, arreta juridikoan genero perspektiba ezartzeko beharra.

Bide horretan, epe laburreko, epe ertaineko eta epe luzeko neurriak hartuko ditu Nafarroako Gobernuak. Epe laburrekoak aurten ezarriko dituzte; epe ertainekoak, berriz, 2019 bukatu baino lehen; eta epe luzekoak, azkenik, 2020-2021 urte politikoan jarriko lituzkete indarrean.

Epe motzean, esate baterako, martxan jarriko dute giza salerosketa biktimei aterpea emateko zerbitzua, adingabeekiko arreta zerbitzuetako lantaldea handituko dute; eta laguntzen eredu berria diseinatzeko lantaldea osatuko dute.

Epe ertainean, larrialdiko laguntzak birplanteatuko dituzte. "Gaur egun, oso gutxitan ematen dira laguntza horiek", azaldu du Leranozek. Bestalde, arreta juridikoa hobetzeko lantaldea osatuko dute.

Epe luzera, berriz, aurreko urteetan diseinatutako eredu berria indarrean jarriko luke Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak.

Leranozen eta Olloren esanetan, neurri eta planteamendu horien helburua da: "laguntzetarako sarbidea hobetzea, biktimek egin beharreko prozesuak erraztea, estigmatizazioa erauztea eta genero enfokea ezartzea".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna