euskara

Mari Jose Azurmendiri emango diote Manuel Lekuona saria

"Euskararekiko duen konpromisoa eta hizkuntza normalizatzeko egindako ekarpen eskerga" nabarmendu du epaimahaiak, Eusko Ikaskuntza saria Azurmendiri emateko.

Mari-Jose Azurmendi, 2012ko argazki batean. /
Mari-Jose Azurmendi, 2012ko argazki batean. / Gari Garaialde/Foku

Berria -

2018ko irailak 18

Manuel Lekuona saria jasotzen laugarren emakumea izango da Mari Jose Azurmendi. 1997an Micaela Portilla historialariak jaso zuen, 2006an Menchu Gal margolariak eta 2012an Soledad Silva Berastegi arte irakasleak. Azurmendi soziolinguista da, "emakume aitzindaria" Manuel Lekuona sariko epaimahaiaren iritzian.

Beasaingo Alkartasuna Lizeoa ikastolako lehen emakume zuzendaria izan zen, baita EHUko katedradun izatera iritsi zen lehen emakumezkoa ere. Soziolinguistika Klusterraren sortzaile eta bultzatzaile nagusietako bat izan zela ere azpimarratu dute. Klusterrak argitaratzen duen Bat soziolinguistika aldizkariko zuzendari izan da sei urtez.

Baina ez hori bakarrik: "Ibilbide profesional eta akademiko aparta izan du, eta hizkuntza normalizazioa bere egin du, ekarpen joria eginez euskarari". Soziolinguistikan aitzindaria izan dela nabarmendu du, eta gogor egin duela lan psikosoziolinguistika garatzen. Nabarmentzekoa da Psikosoziologia izeneko bere lana, jakintza arlo horretan murgiltzeko eskuliburua.

Horregatik guztiagatik erabaki du epaimahaiak Manuen Lekuona saria Azurmendiri ematea. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, Euskaltzaindiak, Aranzadi zientzia elkarteak, Labayru fundazioak, Jose Miguel Barandiaran fundazioak, Euskal Kultur Erakundeak, Vianako Printzea erakundeak eta Eusko Ikaskuntzak osatzen dute epaimahaia. Baina ez dute haiek bakarrik hartu erabakia. Azken erabakiaren %60 egon da epaimahaiaren esku, gainerako %30 Eusko Ikaskuntzako bazkideen esku izan da, eta falta den %10a "Euskal Komunitate Globalaren" esku.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna