Moai "garrantzitsuena" Rapa Nuira aberriratzeko trukea proposatu dio Txilek Britainiar Museoari

Hoa Hakananai'a moaia Londresko Britainiar Museotik berreskuratu nahi du Rapa Nui uharteak, eta Txileko Gobernuak eskaria babestu du. Trukea proposatu du gobernuak: irlako artisau batek moai berri bat egitea, Londres esku hutsik ez uzteko.

Rapanuien ondare ezagunena, moai eskulturak. IAN SALAS
2018ko irailaren 18a
18:05
Entzun

Hoa Hakananai'a ez da edozein moai. Irlako moai guztien artean "alde handiz garrantzitsuena" da, Felipe Ward Txileko Ondare Nazional ministroaren esanetan. Hori dela eta, moaiaren aberriratzea garrantzi handikoa da, ministroaren iritziz, Rapa Nuiko antzinako kultura espirituala babeste aldera.

Irlako Adinekoen Batzarrak egin du eskaria, eta Txileko Gobernuak babesa adierazi dio. Santiagok ostiralean igorri zion proposamena Britainiar Museoari, eta erantzuna jaso zain dago ordutik. "Rapa Nuiko komunitatearen eskaria erraztea erabaki genuen, eskaria bidezkoa iruditzen zaigulako", adierazi du Ward ministroak. Azaldu duenaren arabera, gobernuak museoari proposatu dio Hoa Hakananai'a aberriratzearen truke Rapa Nuiko komunitateak landutako moai bat Londresen esku uztea, uharteak Britainiar Museoaren "enbaxadore bat" izaten jarrai dezan. Moai berria Benedicto Tuki artisauak egingo luke. Gobernuak nabarmendu duenez, aditua da harria eta egurra lantzen.

Hoa Hakananai'a moaia 1869. urtetik dago ikusgai Britainiar Museoan. Eskultura Orongoko ospakizun erlijiosoetarako gunean zegoen, eta britainiarrek 1868ko azaroan lapurtu zuten. HMS Topaze ontzian eraman zuten 4 tonako eta 2,42 metroko harritzarra, Portsmouthko porturaino (Ingalaterra). Victoria erreginak Britainiar Museoari eman zion Rapa Nuiri ebatsitako eskultura erraldoia.

Rapa Nuik egin bezala, munduko hainbat estatuk museoko zenbait ondare garrantzitsu aberriratzeko eskariak egin dituzte; Egiptok eta Greziak, esaterako. Britainiar Museoak, besteak beste, Rosetta harria eta momia bilduma bat jaso ditu Egiptotik. Greziatik, berriz, Atenasko Partenoiko marmol bilduma zabal bat eta Periclesen bustoa eskuratu ditu, besteak beste.

Britainiar Museoak bezala, Parisko Louvre museoak aberriratze eskari ugari jaso izan ditu. Ondare bilduma horren zati handi bat espoliazioaren bidez lortu dela salatzen dute eskatzaileek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.