Nafarroa

Foruzaingoaren arabera, dibortzio bat dago Kasedako tiroketaren oinarrian

53 urteko gizonezkoa eta haren bi semeak dira atxilotuak. Udalak hiru eguneko dolu ofiziala ezarri du eta laguntza eskaini die hildakoen senideei. Foruzaingoa egoera argitzeko lanean ari dela nabarmendu du Solanak.

Larrialdi zerbitzuak Kasedan, atzo iluntzean. /
Larrialdi zerbitzuak Kasedan, atzo iluntzean. / Jesus Diges/EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko irailak 19

Atxilotuta jarraitzen dute atzo arratsaldean Kasedan izandako tiroketan parte hartu eta hiru pertsona hiltzeaz akusatutako 53 urteko gizonezkoa eta haren bi semeek. Etzi goizean deklaratuko dute Agoitzeko instrukzio epaitegian.

Kasedako bizilagunak izan ziren abisua eman zutenak. Tiro hotsak entzun zituztela eta lurrean hiru gorpu zeudela ohartarazi zuten. Tiroketan parte hartu zuten hiru pertsonak ihes egiten saiatu ziren, baina Foruzaingoak atzeman zituen bidean, San Martin Unx herriaren parean.

Foruzaingoa eta Guardia Zibila elkarlanean ari dira gertatutakoa ikertzen. Foruzaingoak eguerdian emandako datuen arabera, dibortzio bat dago gertatutakoaren oinarrian. Iturri ofizialen arabera, emakumearen bikotekidea da hildakoetako bat. Eslabako 50 urteko gizon bat, eta 29 eta 17 urteko haren bi semeak dira hildakoak. Atxilotuen kasuan, berriz, ez dago argi hiruetako nork egin zuen tiro.

Udalak hiru eguneko dolualdia ezarri du eta zapi beltzak jarri ditu banderetan. Jesus Esparza alkateak elkartasuna adierazi die hildakoen senideei, eta eskertu egin die gertakarien ostean izandako jarrera. "Herri guztia dago atsekabetuta, baina horren baitan, nabarmentzekoa da lasaitasuna dela nagusi".

"Kezka" agertu du Nafarroako Gobernuko eledun Maria Solanak ere, "herritarrak larritu egiten dira halakoekin". Horiek hala, lasaiatasuna eskatu du eta nabarmendu Foruzaingoa lanean ari dela gertatutakoa ikertu eta egoera "kontrolpean" mantentzeko.

Atxilotu bat Hernialden

Bestalde, Ertzaintzak 75 urteko gizonezko bat atxilotu du goizaldean Anoeta eta Hernialde artean (Gipuzkoa) eskopeta batekin bi tiro egiteagatik. Basoan argiak ikusita joan dira segurtasun indarrak ingurura, eta handik gutxira entzun dituzte tiro hotsak baserri batetik gertu. Atxilotuak azaldu duenez, marihuana sail bat dago inguruan eta norbait hura lapurtzeko ahaleginean ari zela iruditu zitzaiolako egin du tiro.

Bizkaian, atzo, beste tiroketa bat izan zen Barriatuko baserri batean. Hura ere droga lapurreta bati lotuta dagoela uste du Ertzaintzak.