Katalunia

Botere Judizialeko buruaren dimisioa eskatu du Torrak, independentisten aurkako jarrera egotzita

Hainbat epailek prozesu subiranista nazismoarekin parekatu eta segurtasun indarren jokabidea txalotu dituzte erakundearen txat batean.

Quim Torra, Kataluniako Generalitateko presidentea. /
Quim Torra, Kataluniako Generalitateko presidentea. / Quique Garcia/EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko irailak 20

"Etengabeko estatu kolpe baten aurrean gaude. Hala, kolpistekin ezin da hitz egin, Tejero izan edo egungo beste izenen bat izan (eta badakizu nortzuetaz ari naizen). Auzipetu egin behar dira, eta errugabeak badira, argituko du epaiak", irakur daiteke Botere Judizialeko kideetako batek idatzitako mezuan. El Diario agerkari digitalak atera du argitara, baina ez da bakarra. Hainbat epailek erakundearen txat zerbitzua baliatu dute azken urtean Kataluniako prozesu subiranista nazismoarekin parekatu eta Guardia Zibilaren eta Espainiako erregearen aldeko jarrerak berresteko.

Izan dira, baita ere, aurrekoen jarrera kritikatu eta Generalitatearen lana goraipatu dutenak, baina horrek ez du Kataluniako presidentearen haserrea ekidin. Quim Torra Generalitateko buruak Botere Judizialeko Kontseilu Orokorreko presidentearen dimisioa eskatu du, argudiatuz Carlos Lesmesek "faboritismo eta partzialtasunez" jokatu duela. "Epaileek ezin dute alde bat edo bestearen alde egin euren objektibotasuna kolokan jarriz".

"Oso larritzat" jo ditu Torrak mezuak eta salatu du kolokan jartzen dituztela zuzenbide estatuaren oinarriak. Hala eskatu dio fiskaltzari iker dezala mezuak idatzi dituztenen erantzukizuna. "Espainiako justiziarekiko zegoen konfiantza apurra amaitu da. Justizia ez da independentea, ez eta inpartzialtasunik ere".

Generalitateko buruak iragarri du Bruselara joko duela Espainiuako justiziarekiko "kezka" agertzeko. "Espainiaren jarrerararen aurrean isilik geratzeak ekarriko du beste estatu batzuek ere gauza bera egitea, europar guztion eskubideak kaltetuz".

Atxiloketetatik urtebetera

Duela urtebete Guardia Zibila sartu zen Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritzan, Bartzelonako Rambletan, Oriol Junqueras presidenteordeak zuzentzen zuen eremuan, baita Atzerri Kotseilaritzan ere, Raul Romevak gidatua, beste agintari askoren artean. Orotara hamabost kargudun atxilotu zituzten eta 40 miaketa baino gehiago egin.

Operazioari aurre egiteko Rambletara joatera dei egin zuten ANCko buru Jordi Sanchezek eta Omnium Culturaleko buru Jordi Cuixartek. Jendetza batu zen bertan deiari erantzunez eta erreferendumaren eta demokraziaren aldeko afitxez eta lorez bete zituzten Guardia Zibilaren patrolak. Deialdiak ondorio larriak izan zituen Sanchez eta Cuixartentzat, espetxeratu egin baitzituzten Guardia Zibilaren aurkako "setio bat" antolatzea leporatuta. 

Egun hartan gertatutakoa salatzeko eta Sanchez eta Cuixart gogoan elkarretaratzea egingo dute iluntzeko 19:30ean Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean. Han izango dira Torra bera eta Parlamentuko presidente Roger Torrent.