Mende baten ondarea

Van Goghetik Picassora. Tannhauser legatua erakusketa irekiko du bihar Bilboko Guggenheim museoak. Paul Cezanne, Edgar Degas, Edouard Moret, Pablo Picasso eta Vicent van Goghen 50 pieza biltzen ditu.

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2018ko irailak 20

“Espero dut estimuan hartzea, nire bizitza osoa baita”. Hala zuzendu zitzaion Justin K Tannhauser arte merkatari alemaniarra Solomon R. Guggenheimi, etxean zituen hainbat artelanen dohaintza egin ondoren. XIX. mendearen bukaerako eta XX. Mendearen hasierako hamahiru artisten 50 pieza inguru eraman zituen New Yorkeko Guggenheim museora. Ez edonorenak: Paul Cezanne, Edgar Degas, Edouard Moret, Pablo Picasso eta Vicent van Goghen lanak eman zizkion Guggenheim fundazioari. 1965az geroztik, AEBetan besterik ez dira ikusi. Bada, Bilboko Guggenheim museora ekarri dute enpresari alemaniarrak emandako bilduma. Bihar irekiko ditu ateak eta 2019ko martxoaren 24ra bitarte izango da ikusgai Van Goghetik Picassora. Tannhauser legatua izeneko erakusketa.

“Erradikalak eta abanguardia izan ziren artisten lanek osatzen dute Thannhauser bilduma”. Erakusketan bildutako piezen garrantzia azpimarratu du Megan Fontanella komisarioak, Inpresionismoan eta modernitatean gako izan zirenen lanak ekarri baitituzte Bilbora. “Ehun urteko arte abanguardiaren erakusle dira”. Hiru aretotan antolatu dute erakusketa, kronologikoki. Artelanak ez ezik, artxiboko hainbat dokumentu jarri dituzte ikusgai. Tannhauserrek artea “bultzatu eta babesteko” egindako lana ezagutzera emateko. “Erakusketaren eta artisten atzean dagoen errealitatearen berri ematen digu”. Enpresariak hainbat arte galeria zabaldu zituen Alemanian eta Frantzian. Haren bizitzan zehar bere aretoen gibelean erakutsitako hainbat artelan dira orain Bilbon daudenak.

XIX. mendearen amaierako artista frantsesen lanekin abiatu dute erakusketa. Cezanne, Degas eta Maneten lanekin zehazki. Eta arte modernoaren lehen urteetan jarri dute arreta bigarrenean, Van Gogh eta Georges Braqueren lanekin. Picasso eta Braqueren lanak daude azken aretoan. Komisarioak azaldu duenez, hainbat pieza ikertu eta zaharberritu dituzte Bilboko erakusketarako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna