Musika

Antipodetan jaiotako kantak

Proiektu pertsonal batetik abiatuta, EraBatera taldea sortu du Gaizka Salazar bateria jotzaileak. Mikel Caballero, Beñat Serna eta Jurgi Ekizarekin batera osatu du laukotea eta Antipodetan deituriko diska kaleratu berri dute

Peru Azpillaga -

2018ko irailak 20

Talde berria izan arren, EraBaterako kideek ezer gutxi dute hasiberritzat. Proiektua Gaizka Salazar Gatibu taldeko bateria jotzaileak abiatu zuen; etxean momentu pertsonal zail bati aurre egiteko "mimo handiz" landutako abestiak plazaratzeko sentitzen zuen beharraren ondorioz. Hori aurrera ateratzeko, eskarmentu handiko musikariak biltzea lortu du: Gatibun ere taldekide duen Mikel Caballero baxu jotzailea, Ken Zazpiko Beñat Serna gitarra eta Willis Drummondeko Jurgi Ekiza ahotsetan. Antipodetan bataiatu dute bederatzi kantuz osatutako haien lehen diskoa.

"Diskora joz, agian oihartzunen bat senti dezakegu aurreko talde horietakoa, baina nahiko urruna; oro har, berritasun asko dakartza, freskotasun handiko diskoa da, kantuek garapen eta konponketa oso bereziak dituzte eta atzetik istorio pertsonal bat dagoela nabari da" azaldu du Jon Basaguren musikaria, taldearen komunikazio lanetan murgildurik. Diskoa interesgarria izateaz gain, kolaborazioek "puntu" bat gehitzen diotela nabarmendu du. Besteak beste, Eñaut Gaztañagaren programazioak, Juan Alberto Batiz-en gitarra, Akatz taldeko haize sekzioa eta Ander Erzillaren saxoa aditu daitezke diskoan zehar. Horretaz gain, Josu Aguinagaren gitarrak lagunduta ibiliko dira hurrengo hilabeteetan eskainiko dituzten zuzenetan.

"Egia esanda, hasiera batean ez neukan pentsatuta disko bat kaleratzea ezta talde bat sortzea, eta are gutxiago nik sortutako abesti horiek zuzenean jotzea" aitortu du Gaizka Salazarrek. Kantugintza min pertsonal batetik abiatutako bidea izan zen harentzat; "hortik hasi nintzen etxean kantu txiki batzuk egiten, letren bidez ideia batzuk azaleratzen eta pixkanaka handituz joan da dena". Bai familiak eta baita lagunek asko animatu dutela adierazi du eta, horri esker hartu zuela taldea eratzeko erabakia.

Taldekideak aukeratzeko orduan ez zuen dudarik izan Salazarrek, Caballero aspalditik ezagutzen zuen eta “anaia” bezalakoa da harentzat; Serna eta Ekizarekin ordea ez zuen hainbesteko harremanik eta “dudaz beterik” kontaktatu zuen haiekin: "egun, oso pozik nago musika haiekin konpartitu izanaz, hasieran beldurtuta hots egin nien baina, gero, denak batu ziren proiektura". Prozesua ere, berezia izan dela nabarmendu du. Normalean talde bat elkar ezagutzen da lehendik, batera entseatzen du, parrandak botatzen ditu eta musika konpartitu egiten dute. "Oraingoan ordea bestelakoa izan da, bakarka konpartitu ditut haiekin nik etxean konposatutako abestiak eta grabatutako maketa, beraz, nolabait esanda, estudioan ezagutu dugu elkar". Hala ere, hasieratik konexio ikaragarria izan dutela dio, "kanta batzuk lehenengo entseguan jada primeran ateratzen zitzaizkigun; prozesu polita izan da benetan, nituen espektatibak nabarmen gainditu egin ditu".

Antipodetan

Diskoaren izenburuak, proiektuaren atzetik dagoen istorio pertsonalari egiten dio erreferentzia. Salazarrek aita galdu zuen orain dela bost urte eta horren ondorioz, pare bat urte "noraezean ibili zela" azaldu du. "Antipodetan sentitzen nintzen, amatatuta eta burua beste toki batean nuela, hala hasi nintzen kantuak idazten eta konposatzen". Intimitatetik sortutako egitasmoa da beraz, EraBatera taldea, pixkanaka handituz joan dena. "Ez dakigu noraino helduko garen, guk ez diogu helbururik ezarri proiektuari, denboran ahalik eta gehien luzatzea gustatuko litzaiguke baina ez gara horrekin tematuko ere". Diskoak harrera ona izan duela uste dute. Aitzitik Salazarren aburuz, patxadaz entzun beharreko lana da, kantu komertzialik ez duena eta denborarekin proiekzioa izan dezakeena; "nik ibilbidea ikusten diot, eta ilusioa behintzat badago". Jada kontzertu batzuk dituzte lotuta, batez ere azaroan zehar –lehenengoa Bilboko Kafe Antzokian izango da, azaroaren 8an–. Jaialdiren batean aritzeko eskaintzak ere jaso dituztela aitortu du Salazarrek, beraz, "ikusiko da zenbaterako ematen duen egitamsoak".

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna