Hartzak Pirinioetan

Pirinioetan bi hartz askatuko ditu Frantziako Gobernuak datorren hilean

Françoise de Rugyk berretsi egin du bi hartz eme Biarno aldean (Okzitania) askatzeko asmoa. Eskuladeko alkateekin bildu da gaur, Pauen (Okzitania) eta haietako askok kontrako jarrera agertu diote. Neurriak kezka eragin du mendiko laborarien artean ere.

Hartz bat, Piriniotan. Artxiboko irudia. ORIOL ALAMANY
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko irailaren 20a
07:23
Entzun

Frantziak bi hartz eme askatuko ditu Piriniotan, Biarno inguruan, mendi horietan bizi diren beste bi hartz arrekin elkartu eta ugaldu daitezen. Hala baieztatu du Rugy Frantziako Ekologia ministro berriak. Era horretan, Nicolas Hulot aurreko ministroaren asmoei eutsiko diela jakinarazi du. Gobernuaren asmoak ez dituzte begi onez ikusi Piriniotako laborariek. Hartzaren populazioa handitzeak artzantzari kalte egingo diola salatu dute.

Rugyk azaldu duenez, Esloveniatik ekarriko dituzte Piriniotan askatuko dituzten bi hartz emeak. Ministroak Pauen (Biarno, Okzitania) egin ditu adierazpen horiek, eskualdeko alkateekin egin duen bileran. Haietako askok hartzak askatzearen kontrako iritzia agertu dute, eta bileratik alde egin dute gaur.

Ministroak defendatu du hartzen populazioa handitzea bateragarria dela jarduera ekonomikoarekin. "Natura garapen ekonomikoaren bihotzean dagoen tokia izan behar du mendiak. Gure anbizioa natura babestea da; baita jarduera ekonomiko dibertsifikatuak ere".

Rugyk nabarmendu du Frantziako Gobernuak hartzaren eta abeltzantza, turismoa, ehiza edo baso kudeaketaren arteko uztartzea garatzeko plana garatu duela. Plan horretara 3,4 milioi euro bideratu dituela gogorarazi du. Plan horrek jasotzen du, besteren artean, abeltzainen bordetako babesa indartzeko neurriak, hartzen erasoengatik kalte-ordainak handitzea eta artzainentzako telefonia sarean hobekuntzak egitea. Horrez gain, hartz populazioaren berreskuratzea turismo jarduera areagotzeko baliatzea aurreikusten du.

Gaur egun, 37 hartz daude Pirinioen erdigunean, Ariege mendialdetik Garona Garaira. Beste bi banako daude Biarnon, hartz arrak, Aspe haranetik Ossaukora, goi Pirinioetan. Cannellito da bi ar horietako bat, Pirinioetako hartzaren azken ordezkaria, haren ama Cannelle 2004ko azaroan ehiztari batek hil zuenetik. Hartza bi alditan askatu dute Pirinioetan azken hamarkadetan: 1996an eta 2006an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.