Kasedako hilketak

Aita espetxera bidali du epaileak eta bi semeak aske utzi ditu behin-behinean

Agoizko epaitegira (Nafarroa) eraman dituzte, goizean, Kasedako (Nafarroa) hilketarekin lotuta atxilotu zituzten hiru gizonezkoak.

Kasedako hilketarekin lotuta atxilotuetako bat, gaur, Agoitzko epaitegira (Nafarroa) iristen. JDI, EFE
2018ko irailaren 21a
09:57
Entzun

Agoizko lehen instantziako epaitegiak espetxera bidali du Kasedako hilketekin lotuta atxilotu zuten 53 urteko gizona, eta behin behinean aske utzi ditu haren 22 eta 18 urteko bi semeak. Azken bi horiek hamabostean behin agertu beharko dute epaitegiak. Hiru auzipetuek ez deklaratzea erabaki dute. Foruzaingoaren furgoneta batean iritsi dira hiru gizonak epaitegira, 11:45ak aldera, Iruñeko polizia etxetik. Ikusmin mediatiko handia zegoen epaitegiaren atarian.

Joan den asteartean, 50 urteko gizonezko bat eta haren 29 eta 17 urteko bi semeak hil zituzten tiroz, Kasedan. Hilketa horrekin lotura dutelakoan atxilotu zituen Foruzaingoak Agoizko epaitegiaren aurretik pasa diren hiru gizonak.

Foruzaingoaren arabera, hilketak bi familietako bi kideren arteko dibortzio batekin du zerikusia.

Epaileak azaldu duenez, hainbat lekukok hiru hilketen erantzule jo dute 53 urteko gizona, eta atxilotuak berak ere hilketen ardura aitortu zuen, poliziak atzeman zuenean egin zituen "bapateko adierazpenetan".

Epaileak atxilotua espetxeratzeko agindua argudiatu du autoan. Haren esanetan, leporatzen zaizkion delitu larriengatik eta jaso dezakeen zigorrarengatik, ihes egiteko arriskua du atxilotuak. Horrez gain, frogak ezabatzeko arriskua ere aipatu du, atxilotuak lekukoei presio egin diezaiekelakoan, haien testigantzak bideratzeko. Azkenik, leporatzen zaion delitua berriz egiteko arriskua dagoela aipatu du.

Atxilotutako bi gazteen kasuan, berriz, epaileak ez du uste kriminalitate zantzurik ziurtasunez leporatu ahal zaienik.

Autoak jasotzen duenez, Kasedako tiroketa bi familietako aiten arteko eztabaida baten eta borroka baten ondoren gertatu zen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.