Donostiako 66. Zinemaldia

'L'homme fidele'-k irribarrea eraman du Sail Ofizialera

Louis Garrel zinemagile frantziarrak drama eta komedia uztartu ditu bere bigarren film luzean

Laetitia Casta aktorea, Louis Garrel zuzendaria eta Lily-Rose Melody Depp aktorea. /
Laetitia Casta aktorea, Louis Garrel zuzendaria eta Lily-Rose Melody Depp aktorea. / Javier Etxezarreta/EFE

Mikel Lizarralde -

2018ko irailak 22

Orain dela gutxira arte, Philippe Garrel zinemagilearen semea izateagatik ezagutu izan dute askok Louis Garrel (Paris, 1983). Aktore lanetan, ordea, ibilbidea luzea egin du, eta fillm ezagun eta arrakastatsuetan aritu da azkeneko hamarkadan. Bernardo Bertolucciren Dreamers-en (2003) egin zen ezagun, 68ko maiatzean girotutako istorioarekin, eta orain dela gutxi Jean Luc Godard zinemagilea izatera ere iritsi da Michel Hazanaviziusen Le Redoubtable pelikulan. Zuzendari gisa, ordea, ,2015ean estreinatu zen Les deux amis-ekin, eta bere bigarren lana da gaur Donostiako 66. Zinemaldiko Sail Ofizialaren barruan aurkeztu duen L'Homme fidele.

Laukote baten istorioa kontatzen du filmak. Mariannek (Laetitia Casta) Abel (Louis Garrel) utzi eta haren lagunik onenarekin joango da, Paulekin, espero duen haurraren aita baita. Zortzi urteren ondoren, Paul hil egingo da, eta Abel nahiz Marianne berriro elkartuko dira. Horrek, baina, jeloskor jarriko du Joseph semea (Joseph Engel), eta baita Eve (Lily-Rose Depp), Paulen arreba, nerabe zenetik Abelez maiteminduta egon dena. Hortik aurrera, umore ukituekin kontatuko du Garrelen lauren arteko harremana.

Goizeko emanaldiaren ondoren, gauean emango dute berriro Kursaaleko auditoriumean.

Gaur beste bi film aurkeztuko dituzte lehiara. Batetik, El reino (Rodrigo Sorogoyen), gaur egungo Espainiari buruzko thriller politiko bat; eta bestetik Der Unschuldige (Simon Jaquemet).