MUGIMENDU FEMINISTA

Egun osoko greba feminista egingo dute datorren Martxoaren 8an

Euskal Herriko mugimendu feministak batzarra egin du, eta han hartu du grebara jotzeko erabakia. Datozen asteetan hasiko dira herriz herri bilerak egiten. Aurtengo Martxoaren 8an ere egin zuten greba, eta mugarria jarri zuen.

Martxoaren 8ko greban Donostian egindako mobilizazioa.
Martxoaren 8ko greban Donostian egindako mobilizazioa. Juan Herrero/Efe

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko irailak 22

Emakumeak grebara joango dira datorren Martxoaren 8an ere, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Emakumeok planto! lelopean greba egin zuten joan den martxoan ere, eta eragin handia izan zuen. Aspaldiko manifestaziorik handienak egin zituen mugimendu feministak, eta lehen lerroan jarri emakumeen aldarrikapenak.

Datorren urtean ere egingo dute greba, Euskal Herriko mugimendu feministak iragarri duenez. Gasteizen batzarra egin dute, eta han hartu dute erabakia. Aurreratu dute datozen asteetan hasiko direla herriz herriko lanarekin, greba prestatzeko. Donostian egingo dute hurrengo batzarra, azaroaren 17an.

Joan den Martxoaren 8ko greba arrakastatsua izan zen oso, eta enpleguaren sektoretik haragoko esparruetara ere zabaldu zuten: zaintza lanetarako ere egin zuten deia, eta kontsumorako.

Datorren urtekoa nolakoa izango den, aurreratu dute 24 orduko greba izango dela. Berritasuna da hori. Aurtengo martxokoan, izan ere, gehiengo sindikalak lau orduko bi greba deialdi egin zituen: goizean eta arratsaldean. Emakume askok jo zuten, hala ere, egun osoko grebara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna