Suedia

Konfiantza mozioa galduta, dimisioa eman du Suediako lehen ministroak

Parlamentuko buruak beste norbait izendatu beharko du gobernua osa dezan; bitarte horretan, karguan jarraituko du Stefan Lofven lehen ministroak.

Stefan Lofven lehen ministroa, bozak irabazi berritan. JONAS EKSTROMER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko irailaren 25a
13:11
Entzun

Duela bi aste egin zituzten Legebiltzarerako hauteskundeak Suedian. Ordu hartan, ezkerreko koalizioa gailendu zen, baina diputatu bakarraren aldearekin —144 lortu zituen ezkerreko koalizioak eta 143 eskuineko Alderdi Moderatuak. Eskuin muturra bera ere nabarmen igo zen: 62 eserleku bereganatu zituen.

Horiek hala, ez da harritzekoa Stefan Lofven lehen ministroak gaur bere aurka aurkeztutako zentsura mozioa galdu izana. Parlamentuko 142 diputatuk egin dute haren alde, eta 204k, aurka. Horren ondorioz, eta gobernu berria osatu arte karguan jarraituko duen arren, amaitu da Lofvenen agintaldia. Lehen aldia, da Suediako Parlamentuak gobernuburu bat kargugabetzen duela.

Orain, Legebiltzarreko buruaren ardura izango da gobernu berria osatzeko beste norbait aukeratzea, eta lau ahaleginen ostean, lortzen ez badu, hauteskundeetara deitu beharko du.

Alderdi Moderatuko liderra, Andreas Norden, da horretarako aukera handien duena. Gainera, gobernu berriaren egonkortasunerako giltza izan dezake eskuin muturreko Demokrata Suediarrak alderdiak, nahiz eta gainontzeko alderdiek esan ez dutela osatuko koaliziorik harekin. Hark, berriz, ez du argitu gobernu aldaketa babestuko ote duen.

Berriz aurkezteko prest

Nahikoa babes eskuratuko balu, gobernuburu kargura itzultzeko prest agertu da Lofven, eta ohartarazi du bestelako aukera bat litzatekeela eskuin muturrari ateak zabaltzea. "Babes zabalagoa izango duen gobernu bat zuzendu nahi dut. Aliantzako alderdiak agintea eskuratzen ahalegintzen badira, berriz, Demokrata Suediarren esku egongo dira erabat". Ordea, Lofvenek berak baztertu du eskuineko koalizioari babesa emateko aukera.

Eskuin muturreko buru Jimmie Akessonek, berriz, zehaztu du ez dutela sostengatuko inongo koaliziorik, baldin eta migrazioaren kontrol zorrotzagorik bultzatzen ez badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.